Publicador de contenidos

Atrás

Igerileku berriak martxan daude

6
Hernaniko udal igerileku estaliak berritzeko lanak bukatu dira. Hamalau hilabete itxita egon ondoren, herritarrek aukera izango dute azpiegitura berriez gozatzeko. Gaur izan da inaugurazio ofiziala. Horren ondoren, 15:00etan, publikora zabaldu dira igerilekuak.

28·09·2017


  • Hamalau hilabetez itxita egon ondoren, igerileku berriak gaur arratsaldean ireki dira.
  • Igerileku handia bost kale izatetik zortzi kale izatera pasa da. Ontzia handitzeaz gain, kiroldegiaren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetu dira.
  • Energia eta ur sistemetan egin diren aldaketen ondorioz, eraikin berriaren kalifikazio energetikoa A mailakoa da.
  • Lanen bigarren fasearen lanek 14 hilabete iraun dute eta kostea 2,6 milioi eurokoa izan da. Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren 600.000 euroko diru-laguntza jaso du.

Hernaniko kiroldegia Gipuzkoako zaharrenetakoa da (1983an eraiki zen). Egun 7.000tik gora bazkide ditu eta herriko waterpolo eta igeriketa taldeek ere bertan entrenatzen dute. Urteak igaro ahala, kiroldegiaren eta igerilekuen erabilera zabaltzen hasi zen eta azpiegiturak txiki eta zaharkituta gelditu ziren. Hori dela eta, udal kiroldegia egungo beharretara egokitzea ezinbestekotzat jo zuen Udalak.

2014an kirol azpiegitura horiek berritzeko diru-laguntza eskatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiari eta 600.000 euro ematea erabaki zuen. Lanak bi fasetan banatu dira:

1. fasean (2015eko udan hasi ziren) aldagelak berritu eta instalazio termikoak optimizatu zituen Udalak.

2. faseko lanak 2016ko uztailean hasi ziren eta orain bukatu dira. Hiru ardatz izan dituzte lanek: lehena, bi igerilekuen handitzea; bigarrena, energia berriztagarrien aldeko apustua sendotzea eta energia aurreztea; eta, hirugarrena, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko lanak egitea. Lanek 14 hilabete iraun dute eta denbora horretan igerilekuak itxita egon dira. Hernaniko Gobernuak Donostiako Udalarekin hitzarmena egin zuen, igerilekuak itxita egon diren bitartean, hernaniarrek Donostiako Etxadi eta Pako Yoldi kiroldegietako igerilekuak erabili ahal izateko.

Gaurtik aurrera, azpiegitura berriez gozatu ahalko dituzte hernaniarrek, baita astigarragarrek ere. Hernaniko eta Astigarragako udalek hitzarmena baitute astigarragarrek Hernaniko kirol azpiegiturak erabili ahal izateko.

OBRAK EKARRITAKO HOBEKUNTZAK
Uzcanga Arquitectos S.Lk eraman du obraren zuzendaritza, Hernaniko Udaleko Hirigintza taldearekin elkarlanean.

1.- Igerileku estalien handitzea

Bi ontziak berritu dira.
-Igerileku ontzi handiak 25 metroko luzera eta 16,5 metroko zabalera du (8 kale). Sakonera zatirik handienean 1,80 m ingurukoa da eta aldeetako batean 1,50 m eta 1,40 m arteko sakonera du.

-Igerileku txikiak 14,5 metroko luzera, 7,5metroko zabalera eta 0,75 m eta 1,30 m arteko sakonera du.

-Igerilekuen harmailak: gutxitan erabiltzen direnez, kopurua murriztu da eta harmaila azpiko azalera handitu da waterpolo eta igerilekuko ikastaroen materiala biltzeko eta monitore eta sorospen beharretarako.

-Kanpoko terraza-solarium bat egin da.

-Waterpolo eta igeriketa taldeen jarduera bermatzeko (Euskal Herri federazioko txapelketak barne) beharrezkoak diren baldintzak betetzen ditu igerileku berriak. Horrekin batera, herritarren ur jardueren (aqua gym, ur ekintzak, mantentze ikastaroak…) eskaera gora doala kontuan hartuta, igerileku handian sakonera gutxiko azalera bat ere badu igerilekuak.

2.- Energia berriztagarriaren aldeko apustua eta energia kontsumoa aurrezteko azpiegiturak.

-2014 urtean, bai Gipuzkoako Foru Aldundiak eta baita Hernaniko Udalak egindako bi auditoria energetikoetan oinarrituta, kiroldegian biomasa instalazio berria egin da. Egun kiroldegiak kontsumitzen du udal eraikinetan gas kopururik handiena (%30); sistema berriari esker, energia fosilen kontsumoa murriztu eta, ondorioz, ingurumenaren gaineko eragina txikiagoa izango da.

-Igerilekuko uraren berritzea egiterakoan uraren bero energia berreskuratzeko sistema ezarri da.

-Igerilekuetako klimatizagailua eta hezetasuna kentzeko gailua berritu da.

-Instalakuntzen jarraipena eta energiaren kudeaketa egokia egiteko kontrol eta erregulazio sistemak ezarri dira.

3.- Irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko lanak: komunikazio nukleo berria eta igogailua.

-Latsunbe Berri auzoan egin den komunikazio nukleo berriak bost solairuen irisgarritasuna eta goiko bi planten segurtasuna (ebakuazioa) bermatzen dute.

-Sotoko aldageletako solairutik spining eta pilates gelen solairura arteko bost oinak lotzen dituen igogailua egin da. Aldageletarako sarbidearen ondoan kokatuta dago eta bi erabilera bereizten dira.

o    Bazkide edo instalazioen erabiltzaileenak: kiroldegiko tornuak igarota, bost solairuetara joateko aukera dute.
o    Erabiltzaile ez direnak: kafetegi eta harmailen arteko solairutik (Elkano kaleko solairua) Latsunbeko sarrerarainoko igogailu lotura dute.

LATSUNBE BERRIKO SARRERAK ERREFERENTZIALTASUNA EMANGO DIO KIROLDEGIARI
Obraren proiektuak, barruko egituran ez ezik, kanpoaldean ere eragina izan du. Eraikina hiri paisaiarekin duen artikulazioa hobetzea izan da helburua, kiroldegiak inguruko espazio publikoarekiko erreferentzialtasuna hartzeko. Proposamen honi esker, eraikinaren barruko zirkulazioa eta eraikinaren funtzionaltasuna hobetu da. Izan ere, Latsunbe Berri aldeko kaleak ez du maldarik, oinezko bidea da eta igogailu publikoarekin lotura zuzena du.

1 2 3 4 5 6