Publicador de contenidos

Atrás

Martxoak 8, emakumeen nazioarteko eguna

Martxoak 8, emakumeen nazioarteko egunaren harira berdintasun kontseiluak aurkeztu eta aho batez Hernaniko udaleko osoko bilkurak onartutako adierazpena

08·03·2017


Hona hemen Martxoak 8, emakumeen nazioarteko egunaren harira berdintasun kontseiluak aurkeztu eta aho batez Hernaniko udaleko osoko bilkurak onartutako adierazpena:

 

 

Martxoak 8 Emakume langileen nazioarteko eguna hurbil daukagun honetan Hernaniko Udalbatzari zenbait eskaera eta adierazpen egin nahi dizkiogu.


Lehenik eta behin, urteetan zehar feminismotik egin den lana azpimarratu nahi dugu, aurrerapausu asko eman badira, feminimoak egindako lanari esker izan baita. Hala ere, oraindik asko dago egiteko, horren isla gordina da egunero pairatzen dugun indarkeria matxista, lehen lerroan kokatu behar duguna.


Zenbaitetan aipatu izan dugun moduan emakumeok jasaten dugun zapalkuntza egiturazkoa dela adierazi nahi dugu, hau da, jendartearen egituraren emaitza dela eta antolaketa ekonomikoan, politikoan eta ideologikoan uztartuta dago. Egiturazkoa da patriarkatua erabat errotuta dagoelako gure jendartean eta antolaketa eredu hori sistema kapitalistaren ezinbesteko zutabea delako.
Antolaketa honen oinarrian daude etxeko lanak eta zaintza lanak, ezkutuan geratzen dira, ez dira errekonozitzen eta ordaindu ere ez. Lan hauek nagusiki emakumeek egiten diten dituzte. Ez da kasualitatea kontraturik gabe lanean dauden % 73,2 emakumezkoak direla; lan-merkatuan emakumeek gizonezkoek baino %36,2 gutxiago kobratzen dutela eta lanaldi partzialean dauden %80,9 emakumeak direla. Lan-merkatuak emakumeak bigarren mailako langile gisa erabiltzen ditu, hain lekua, nagusiki, etxean dagoela defendatzen duelako. Sistema kapitalista eta patriarkatua gainditzeko beharra inoiz baino ageriago agertzen zaigu, bizitza ekonomiaren erdigunean jarri ahal izateko, zaintza-lanak errekonozitzeko, sexuaren araberako lan banaketarekin bukatzeko, bizitza duinak bizi ahal izateko.

 


Etsipenera eramaten gaituen egoera honen aurrean baina, argi dugu zein den bidea, feminismotik jendarte hau eraldatzea. Horretarako beharrezkoak dira, eraldaketara eramango gaituzten esparruak sortzea, emakumeen etxea kasu; jatorri, ideologia, adin ezberdintetako emakumeen arteko aliantzak sortzeko, eztabaidarako, hausnarketarako, emakumeen ahalduntzerako... Urteetan Berdintasun Kontseilutik aldarrikatu dugun espazio hau martxan da. Ia urtebete pasa da prozesu parte hartzailea abiatu genuenetik, eta bide honetan elkarrekin pentsatu, amestu eta bide berri bat ireki dugu, emakumeen arteko loturak indartu direlarik. Beharrezkoa da halaber, horrelako espazioak sostengatu eta babestea. Hori dela eta, honako hau eskatzen dugu:

  • Emakumeen Etxearen ekipamendu egoki baterako beharrezkoak diren baliabide ekonomiko eta pertsonalak bermatzea.
  • Indarkeria matxista jendarteak dituen arazo larrienen artean kokatzea, eta hari aurrea hartzeko eta aurre egiteko beharrezko bitartekoak jartzea.
  • Emakumeek bizi duten errealitatea aintzat hartu eta bizi baldintza duinak bermatzeko politikak garatzea.
  • Hernaniko Mugimendu feministak antolatzen dituen ekimenetan parte hartzea.

 

Hernanin, 2017ko otsailaren 20an