Berriak

Atzealdea

"Foru Aldundiak Buruntzaldeko herritarrok eta udalok mespretxatzen gaitu”

Gaur Andoaingo, Hernaniko eta Usurbilgo udalen ordezkariak elkartu dira Donostian, Foru Aldundiaren egoitza nagusian, Marisol Garmendia Mugikortasun diputatuak eta berak zuzentzen duen Departamentuak Buruntzaldeko autobusen zerbitzua aldatzeko prozesuan izan duten jarrera salatzeko. Prozesu itxia, gardentasun eta parte-hartzerik gabea izan dela nabarmendu dute Beterri-Buruntza eskualdeko hiru herriren ordezkariek.

2018·07·20


Xabier Arregi Usurbilgo alkatea, Luis Intxauspe Hernaniko alkatea eta Ainara Rodriguez Andoaingo jarduneko alkatea izan dira gaur Gipuzkoa plazan. Gipuzkoako Foru Aldundiak Buruntzaldeko autobus zerbitzuaren emakida berritu duela eta, zerbitzuan izango diren murrizketak eta prozesua bera nola eraman den salatzeko.

“Marisol Garmendiak eskualdeko alkateoi bidali berri digun gutun batean esaten digu laster argitaratuko dutela proiektua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta orduan jakingo dugula zein alegazio kontuan hartu dituzten eta zeintzuk ez”, esan du Xabier Arregi

Usurbilgo alkateak. “Sinestezina eta onartezina da prozesu honetan Foru Aldundia erakusten ari den errespetu falta, errespetu instituzional falta eta herritarrekiko errespetu falta”, adierazi du.

Foru Aldundiaren jarrera antzekoa izan da prozesu osoan. “Aurreproiektua egiten ari zirela, idatzita zegoenean jakin genuen, 2017ko irailean. Azalpen eske joan eta eskumena Foru Aldundiarena dela eta herritarren parte-hartzea erabat baztertuta zegoela oso argi utzi ziguten. Alegazioak aurkeztea beste biderik ez genuela esan ziguten”, gogorarazi du Arregik.

Herritarren artean ezinegona eta kezka giroan, “alegazioak egin genituen, guk, eskualdeko udalok, baita milaka eta milaka herritarrek ere”, erantsi du. Eskualde osoan, 5.000 inguru alegazio eta 7.000 sinadura bildu ziren, zerbitzuak ez murriztea eta herritarren iritzia kontuan hartzea eskatzen zuten.

“Alegazioak egin bai, baina kontuan hartuko zituztenik eta zeren arabera egingo zuten ez digute inoiz izan. Prozesu itxia izan da, erabat opakoa, eta zirrikituren bat ireki badute jendartearen eta udal batzuen presioagatik izan da”, kritikatu du.
“Hortik aparte, bat ere informaziorik ez. Alegazioak kontuan hartuko dituzten ala ez jakingo dugu proiektua GAOn argitaratzen denean. Ahoz zein idatziz eskatu genion diputatuari proiektua argitaratu aurretik udaloi bidaltzeko. Baietz esan zigun baina gaur arte. Hitza ez dute bete. Oso garbi utzi dute nork agintzen duen”, iritzi dio Arregik.

“Erakunde publikook ezin dugu soilik kontuan hartu errentagarritasun ekonomikoa. Hori arduragabekeria da"

Aurreproiektua idatzita zegoela, alkate batzuek propio eskatuta, alkateekin bilera batzuk egin zituzten. “Aldaketak egiteko zein irizpide erabiliko zituzten azaltzea nahi genuen”, esan du Ainara Rodriguez Andoaingo jarduneko alkateak.

Rodriguezen hitzetan, “irizpide teknikoak eta ekonomikoak kontuan hartuta osatu zutela esan ziguten, zerbitzuen erabiltzaile kopurua eta errentagarritasuna lehentasuna zirela argi gelditu zen. Gure ustez, zerbitzu publikoak errentagarritasun ekonomikoaren menpean egotea ez da irizpiderik egokiena, errentagarritasun sozialak ere pareko garrantzia duela uste dugu eta erakunde publikoek hori ahaztea arduragabea iruditzen zaigu”.

Zerbitzu batzuek ez dute bidaiari kopuru handia, baina kenduz gero, zein kolektibo kaltetzen den ere aintzat hartzekoa da. Eta gehienetan emakumeak eta adineko pertsonak -gehienetan ibilgailurik ez dutenak- izaten dira kaltetuenak, “ekonomikoki errentagarriak” ez direlako.

“Gure haserrea erakutsi nahi dugu, ez zaigulako bidezkoa iruditzen milaka eta milaka herritarrengan hainbesteko eragina duen zerbitzu bat aldatzea herritarren iritzia bazterrean utzita”, adierazi du Andoaingo hautetsiak.  “Marisol Garmendiak zuzentzen duen Departamentuak autobus zerbitzuaren proiektua egin du gizarteari eta udalei bizkar emanda”.

“Foru Aldundiak saltzen duen irudi berriaren zutabeak dira herritarren parte-hartzearen aldeko apustua eta gobernantza eredu berria. Prozesu hau horren adibide baldin bada, jai dugu gipuzkoarrok”, erantsi du.