Berriak

Atzealdea

ERAKUNDE ADIERAZPENA: Euskara ari du. Baietz Hernanik!

Hernaniko udal talde guztiek ahoz batez onartu zuten atzoko osoko bilkuran euskararen aldeko adierazpen hau. Udal barruan euskaraz lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartzeaz gain, herrian martxan dagoen ekimena -Euskara ari du. Baietz Hernanik!- eta Euskal Herrian azaroaren 23an abiatuko den Euskaraldia ere babesten ditu.

2018·09·26


Urte mordoxka da Hernanik euskararen erabilera sustatzeko erronkari heldu ziola. Jabetuak ginen Hernanin aukera handia zegoela euskaraz bizitzeko. Herritarrak, Euskalgintzak eta Udalak bide luzea egina zutela herri honen hizkuntza normalizatzeko ibilbidean, eta ahalegin horrek emaitza batzuk bazituela, beste pauso batzuk emateko aukera berriak irekitzen zituztenak.

Hor zegoen 1960-70eko hamarkadako immigrazio uholdeak ekarritako herritar multzo handi bat euskaldunduta, herriko ikastetxeetan egindako lanari esker eta euskaltegiek helduen euskalduntzean burututako lan eskergaren ondorioz, nagusiki. Hor zegoen Udalak lana euskaraz egiteko 2011n hartutako erabaki sendoa, langileak euskaldunduz eta trebatuz, batetik, eta ordezkari politikook euskarari eusteko ariketa udaleko eguneroko jardunean praktikan jarriz, bestetik. Lana euskaraz egiteko erabakia eta neurriak, irizpideak, arauak, baliabideak, jarraipena... Bidea ez da amaitu, eta atzera egiteko arriskuak bizi-bizi agertzen zaizkigu egunero, baina Hernaniko Udalean hein handi batean euskaraz ari gara lanean. Zer esanik ez kultur munduan, aisialdian, kirol arloan eta hainbat esparrutan, herriko elkarte eta taldeek egindako ahalegin handiari esker.

Hernani herri euskalduna izateko lurra goldatuta eta prest dago eta lur hori lantzen eta ongarritzen segitzea dagokigu guri, udal ordezkarioi, hizkuntza gutxituen biziraupena eta normalizazioa gero eta zailagoa den mundu globalizatu honetan.

Horregatik eman genion gure babesa 2015ean herri mailan euskarari eusteko antolatu zen ekimenari. 2105eko hura hasiera lotsati bat besterik ez zen izan, eta, indartsuago ekin zitzaion 2016ko indar proban, Donostiako Egia ereduak urratutako bidetik. 2016ko urritik azarora bitartean hilabete eta erdiko proba burutu zen herrian. Euskara ari du Hernanin izenpean egin zen indar proba hark 1.800 herritar animatu zituen eta, behin amaituta, jarraipena emateko gogoz utzi gintuen.

Gogo hari tiraka herritar talde batek 2018an erronka urte osora zabaltzeko hordagoa bota zuen, eta udalbatza honek aho batez Euskara ari du. Baietz hernanik! egitasmoa babesteko eta diruz laguntzeko erabakia hartu zuen. Urte osoko egitasmoaren helburua parte-hartzaile bakoitzak hizkuntza ohitura bat, gutxienez, aldatzea da. Norberak hautatutako ohitura bat aldatzea, eta harreman hura euskaraz finkatzea.

Ekimena abiatu zenetik hilabete batzuk pasa dira eta azken txanpan sartuko da orain Irailean. Euskal Herriko beste herri askotan ere erabileran urratsak emateko egitasmoak martxan jartzen ari dira, eta Udalbatza osatzen dugun ordezkari politikook bat egin nahi dugu berriro ere ekimenarekin eta hauxe adierazi:

1. Hernaniko Udalean lana euskaraz egiten jarraitzeko erabakiak eta neurriak hartzen eta horiek bideratzeko beharrezkoak diren baliabideak jartzen segituko dugu, sinetsita baikaude administrazioak, kasu honetan Udalak, eredu izan behar duela euskararen normalizazio prozesuan.

2. Ordezkari politikook, udal agintari izateaz gain, herritar ere bagarenez, gure erronka pertsonalak hartzera gonbidatzen ditugu geure buruak, gainerako herritarren gisa hizkuntza ohiturak aldatzeko.

3. Herritar guztiak gonbidatzen ditugu Euskara ari du. Baietz hernanik! egitasmoan aktiboki parte hartzera, eguneroko hizkuntza ohiturak euskarara ekartzeko.

4. Hernaniko Udalaren babesa eta bultzada eman nahi diegu Euskal Herrian zehar, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez antolatu den Euskaraldia aurrera ateratzeko lanean ari diren euskaltzale guztiei. Eta, bereziki, gurea baino lur zail eta malkartsuagotan ari direnei.

Euskara ari du
Baietz hernanik! / Baietz Euskal Herriak!

Hernanin, 2018ko irailaren 19an