Berriak
Atzealdea

Kirats episodio ugari antzeman dituzte baina baimendutako toxizitate maila ez dutela gainditzen ondorioztatu du aire kalitatearen azterketak

Hernaniko aire kalitateari buruz Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak egindako ikerketa lanaren emaitzak aurkeztu berri ditu Udalak. Isurketen neurketa zorrotzak egin dituzte urte eta erdiz eta horien ondorioak plazaratu dituzte. Kirats episodio ugari (denbora tarte laburrean) antzeman dituzte eta kasu batzuetan -Portu eta Zikuñagan, bereziki- kalitatearen irizpideak aise gainditzen dituzte. Hala ere, 24 ordukoen neurketen emaitzen arabera, toxizitate muga ez dute gainditzen.

2019·02·07


  • Neurketak 2017ko irailetik 2019ko urtarrilera bitartean egin dituzte Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Ingeniaritza Kimikoa Saileko adituek.
  • Aurtengo udan egingo dira neurketa gehiago, eta honekin osatuko da aire kalitatearen azterketa.
  • Udalak Eusko Jaurlaritzarekin hitzordua eskatu du emaitzen berri eman eta isurketak murrizteko neurriak eskatzeko

Hernanin kezka handia dago aire kalitatearen inguruan, eta, bereziki, noizean behar sortzen diren kirats episodioen inguruan. Orain arte aire kalitateari buruz egon diren datu bakarrak Eusko Jaurlaritzak anbulategian jarrita duen estazioarenak dira eta, horien arabera, Hernaniko aire kalitatea ona da.

Datu horiek eta errealitatea bat ez datozela susmatuta, eta herritarren artean dagoen kezkari erantzun nahian, Udalak azterlan zorrotz eta independentea egitea erabaki zuen. Hartara, 2017an, Udalak Kataluniako Unibertsitate Politeknikoari (UPC) egin zion Hernaniko aire kalitatearen azterketa egiteko enkargua. Herrian somatzen den usaina eta airean egon daitekeen bestelako kutsadura modu zientifikoan neurtu eta baloratzeko moduko ikerlan bat lantzen aritu da UPC orduz geroztik.  

Xavier Roca eta José Francisco Perales ingenieritza industrialean doktoreek eta azterlanaren arduradunek azaldu dituzte Ingurumen batzorde irekian, atzo, eta prentsaren aurrean, gaur, azterlan horren nondik norakoak eta ondorioak. Haiekin batera, Eva Gallego Ingurumen Zientzietan doktorea ere aritu da ikerketa lanean.

“Aire kalitateaz kezka handia dago herrian aspalditik eta gure Gobernu programan konpromisoa hartu genuen azterketa egiteko. Kataluniako Unibertsitate Politeknikoarekin harremanetan jarri ginen gure herriko aire kalitatearen azterketa egiteko. Helburua zen gure jarduera industriala eta gure ezaugarriak kontuan hartuko zituen azterketa zorrotz eta independente bat egitea”, adierazi du Luis Intxauspe alkateak.

Mattin Aldaia Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, “2017ko irailean hasi ziren neurketak egiten eta 2019ko urtarrila arteko emaitzak ditugu orain”. Aldaiak gogorarazi duenez, “Eusko Jaurlaritzaren konpetentzia da enpresei Ingurumen Baimen Bateratua ematea eta enpresa horien isurketak kontrolatzea. Eusko Jaurlaritzak enpresa bakoitzaren isurketak kontrolatzen ditu aldiro, baina aurrez adostutakoak dira kontrolak. Enpresek badakite noiz egingo dizkieten neurketak eta, horren ondorioz, emaitzak ez dira, gure ustez, fidagarriak”.

“Horregatik jarri ginen harremanetan Kataluniako Unibertsitate Politeknikoarekin. Urte eta erdi honetan egin diren neurketak enpresei abisatu gabe egin dira. Herri osoan barreiatutako kontrol puntu bakoitzean hamabi egun desberdinetan 24 orduz egin dira, eta episodioak ere neurtu dira. Orain ditugun emaitzek Hernanin dugun benetako egoera erakusten digute”.

Hernanin kokatuta dauden industria jarduerak kontuan hartuta, enpresa batzuek isuri ditzaketen sustantzia potentzialki arriskutsuak bereziki neurtu zituzten: esaterako, paper pastaren ekoizpenak izan ditzaketen isurketak edo zinta itsasgarrien ekoizpena (erabiltzen dituzten disolbenteak direla eta), baita errefraktarioen ekoizpena ere (adreiluak, teilak, porlana). Horrekin batera, errepide sareak aire kalitatean duen eragina ere neurtu dute.

Xavier Roca ingenieritza industrialean doktoreak eta ikerketa lanaren egileetako batek esan duenez, aire kalitatearen arloan dagoen legedia oso urria da. Europan ez dago direktibarik, eta Espainian eta Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen legediak airera isurtzen diren sustantzia gutxi batzuk baino ez ditu neurtzen. Rocak argitu duenez, COV (Compuestos Orgánicos Volátiles), adibidez, ez ditu behar bezala neurtzen eta horiek dira, hain zuzen, kirats sortzaileak. Legedia gabezi hori dela eta, nazioarteko estandarretan -garatuago daudenak- oinarrituta egin dute lan hau.

Catalunyako Unibertsitate Politeknikoak neurketa oso zehatzak egin ditu, guztira 6 desberdin: paper pastaren isurketaren neurketak, beste industria jarduerenak, errepideen isurketak, usainaren bi neurketa 24 ordukoa eta episodioak (sortzen diren kirats une laburrak) eta Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituen datuen azterketa. Horretarako, herri osoan barreiatuta dauden neurgailuek emandako datuak baliatu dituzte.

Lehenengo neurketa orokorragoak: Portu, Etxeberri, Karobieta, Zikuñaga, Antziola, Karabel, Sorgintxulo, Sagastialde eta udaletxean egin zituzten. Bigarren neurketak: 24 ordukoak eta osatuagoak: COV (compuestos orgánicos volátiles): Gabriel Zelaia, Etxeberri, Portu eta Zikuñagan.

ONDORIOAK
-Usain episodio ugari (TCOV osagaiak) antzeman dituzte: Zikuñaga, Portu eta Florida-Etxeberri dira gune kaltetuenak. Erosotasun egoera 200 mikrogramo/Nm3 baino gutxiago da eta muga 3000 mikrogramo/Nm3. Portuko eta udaletxeko neurgailuek 24 orduko kopurua 645 mikrogramo/Nm3 (Portu) eta 513  mikrogramo/Nm3 antzeman dute. Eta episodio laburretan, Portuk aise gainditzen du nazioarteko estandarren muga.

-Errepideei isurketek gehien kaltetzen duten auzoak dira Zikuñaga, Portu eta Karabel, A-15 autopistatik gertuen daudenak, alegia. 19:00etatik 21:00ak arteko tartea da inpaktu handia duena. A-15 errepidetik 37.750 ibilgailu igarotzen dira eguneko batez beste. Dena dela, ez du urteko batez besteko legezko muga gainditzen.

Xavier Rocak nabarmendu duenez, “gune batzuetan antzematen diren isurketa mailak eta episodioen maiztasuna handiegia da eta hori ez da aire kalitate ona, konfort egoera maiz gainditzen dutelako, baina toxizitateari dagokionez, ez dituzte legediak ezarritako mugak gainditzen”. Gainera, 2015etik hasita, 2017 arte igoera bat antzeman da eta, 2018an, aitzitik, beheranzko joera bat dago: “Datu hori ona da Hernaniko biztanleentzat”.

ETA ORAIN, ZER?

Egoera honen aurrean, Intxauspek iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen arduradun politikoekin bilera bat eskatuta daukagu txosten honetan agertzen diren emaitzen berri emateko eta zer egin dezakegun aztertzeko. Era berean, isurketen arduradun nagusi diren  enpresekin ere bilduko gara, azterketaren emaitzak erakusteko eta horiek nola hobe ditzakegun adosteko.

6 neurketen laburpen txostena

1. txostena: Modelización impacto actividades industriales

2. txostena: Estudio modelización numérica actividades emisoras

3. txostena: Estudio de modelización numérica impacto ejes viarios

4. txostena: Estudio control químico episodios de olor y 24 horas

5. txostena: Estudio estadistico niveles inmisión estación Gobierno Vasco

6. txostena: Estudio control químico 24H COV, O3 y H2S