Berriak

Atzealdea

Akarregi poligonoa zeharkatzen duen bidegorria konpontzeko hitzarmena sinatu dute Hernaniko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko diputatu Marisol Garmendiak eta Hernaniko alkate Luis Intxauspek hitzarmena sinatu dute Akarregiko bidegorria egokitzeko, eraberritzeko, seinaleztatzeko eta mantentzeko. 908 metroko bide-zati honek 96.000 euroko kostua du eta Foru Aldundiak finantzatuko du.

2018·10·16


Akarregi industrialdetik pasatzen den bizikletentzako eta oinezkoentzako 908 metroko bide-zatiak Hernani eta Donostia lotzeko bidea osatuko du, eta, gainera, ibilbide hori Leitzatik pasatuz Irurtzuneraino iristen den Plazaolako Bide Berdearekin lotuko du. Bide hori osatzeko 3 km besterik ez dira falta. Proiektu horri esker Donostiatik Irurtzunerainoko 75 kilometroko ibilbide bat osatuko da, zati erabakigarria izanik Buruntzaldeko mugikortasun jasangarri eta osasungarrirako.

Foru Aldundiak finantzatuko duen bidegorri honen aurrekontua 96.000 eurokoa da; lanak datorren azaroan hasiko dira eta sei asteren buruan amaituko dira. 2018. urtea bukatu aurretik amaituta izatea espero da, beraz.

Marisol Garmendia Mugikortasuneko diputatuak esan duenez, “bi biztanle gune garrantzitsu hauek, Hernani eta Donostia, alegia, lotuko dituen eta, aldi berean, Donostia Plazaolako Bide Berdearekin lortzeko proiektua amaituko duen bide hau apustu estrategikoa da Foru Aldundiarentzat, Buruntzaldeko eskualdean eta Gipuzkoa osoan bizikleta erabiltzea eta mugikortasun jasangarria eta osasungarria sustatzearen alde egindako apustuan. Ia kilometro bat izango duen zati horrekin osatuta geratuko da bidea, eta funtsezkoa da, beraz, ibilbide hori amaituta eta herritarrek erabiltzeko prest gera dadin”.

Luis Intxausperen hitzetan, “Hernaniko Udalak mugikortasun jasangarriarekiko konpromiso sendoa du eta bidegorrien sarea hobetzea eta zabaltzea albiste ona da hernaniarrontzat”.

Akarregiko bidegorrian, besteak beste, zorua konponduko da, asfaltoa oso hondatuta baitago. Horrez gainera, seinale bertikalak eta horizontalak jarriko dira, bizikleten eta oinezkoen trafikoa banatzeko; bidegorria zati batzuetan zabaldu egingo da; eta zebra-bideak igo egingo dira segurtasunagatik, baina garraio industriala pasatzeko moduan utzita.