Eduki publikatzailea

Atzealdea

Frankismoaren hamarkada latzak sufritu zituzten andreen ahotsak entzuteko aukera izango da abenduan

2
Hernaniko Udalak oroimen historikoa berreskuratzeko apustuari eutsiko dio eta aurten bereziki ahaztuta egon diren emakumeak omenduko ditu abenduan prestatu duen egitarauaren bidez. Antzerkiak, erakusketak, dokumentalak, testigantzek, hitzaldiak eta belaunaldien arteko bi topaketak osatzen dute ekitaldi sorta oparoa.

2017·11·28


Iaz, 1936ko udazkenean fusilatutako pertsonak omendu zituen Udalak. Aurten altxamendu militarraren ondoren sortu zen egoera latz horretan bizimodua nola edo hala atera behar izan zuten andreak izango dira protagonistak.

Andre haiek familiak aurrera atera behar izan zuten oso baldintza kaskarretan. Baina ez ziren kikildu eta adorez aurre egin zioten egoerari. Orain dela gutxi arte, emakume haiek egindakoa eta sufritutakoa isilpean egon da. Orain, haien testigantzak, bizipenak eta ahotsak ozen entzuteko aukera izango da Hernanin.

Egitarauaren abiapuntua “Iragana, lahar eta larrosa” antzezlanak jarriko du, abenduaren 1ean. Segurako Antzerki Taldeak frankismoaren aurreko urteetako gertaerak kontatzen ditu (1923tik 1937ra) bi familien istorioen bitartez.

Abenduaren 11n inauguratuko da Biterin “Emeek emana” erakusketa. Intxorta 1937 kultur elkartearen eskutik, Mauro Saravia txiletar argazkilariak eginiko irudiekin 63 andrazkoen testigantzak aurkezten ditu erakusketak. Emakume horiek guztiek - batzuk hernaniarrak- frankismoa pairatu eta haren kontra borroka egin zuten. Erakusketa horren bidez, emakumezkoen memoria, justizia eta erreperazioa lortzen lagundu nahi du Hernaniko Udalak.  

Inaugurazio ekitaldia 19:30ean izango da. Hernaniko alkateaz gain, Foru Aldundiko eta Intxortako ordezkariek, eta Miren Clemente, Bittori Barcena eta Begoña Gorospe hernaniarrek ere parte hartuko dute. Musika ere izango da ekitaldian, Ainara eta Joana Ortegaren eskutik. Erakusketa abenduaren 30 arte egongo da ikusgai.

Abenduaren 14an, “Biziraupena ardatz: Hernaniko emakumeen hainbat lan ibilbide” izenburupean hiru hitzaldi izango dira. Berdintasun Sailak Hernaniko emakumeen historia isila ezagutarazteko asmoz eman dituen ikerketa beken emaitzak dira. Ondoren, “Ahotsak: Hernaniko emakumeen testigantzak” ikusentzunezkoaren emanaldia izango da.

Abenduaren 19an, “Ama, nora goaz?” dokumentala eta, ostean, solasaldia izango dira, Biterin, 19:30ean. 1936Ko gerraren testuinguruan Gipuzkoatik kanporatutako emakumeen eta haien seme-alaben istorioa kontatzen du Iban Gonzalez zuzendariak.

Abenduaren 12an eta 18an, belaunaldien arteko bi topaketa antolatu ditu Udalak, Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean. Eguneko zentroko pertsonak eta Hernani BHIko ikasle talde bat Hernani, emakumea eta gazteria gaiez mintzatuko dira, batzuen eta besteen oroitzapen, bizipen eta itxaropenak elkar trukatzen.

Egitaraua

1 2