Berriak
Atzealdea

Hernaniko historia hurbileko sufrimendu guztiak jasotzen dituen txostena aurkeztu dute Udalak eta Aranzadik

Hernanin 1960-2018 bitartean motibo politikoz urratu diren giza eskubideak eta beste sufrimendu batzuk ikertu eta dokumentatu ditu Aranzadi Elkarteak. 662 eskubide urraketa eta 416 biktima jasotzen ditu txostenak. Udaleko alderdi guztiek “errespetua, dolumina eta babesa” agertu diete biktima guztiei eta erreparazio ekintzak adostea etorkizuneko erronka dela gogorarazi du Luis Intxauspe alkateak.

2019·01·23


Hernaniko Udalak memoria hurbila berreskuratzeko asmoz egin duen lanaren emaitza aurkeztu berri du. Udala osatzen duten lau alderdi politikoen babesaz, biktimen ordezkaritza batekin eta Aranzadi Elkarteko adituekin batera.

Ekitaldian Udaleko alderdi guztien ordezkaritza bat egon zen: Luis Intxauspe Hernaniko alkatea (EH Bildu), Andoni Amonarraiz (EAJko zinegotzia), Jaione Aristregi (Orain Hernaniko zinegotzia) eta Ricardo Crespo (PSE-EEko zinegotzia). Horien ondoan, Aranzadiko bi ordezkariak -Paco Etxeberria eta Javier Buces, Aranzadiko ikerlaria eta lanaren egilea- eta testigantza eman duten hiru pertsona -Juan José Uria (Hernaniko alkatea 1979-1983), José Morcillo (PSE-EEko zinegotzia 1979-2007) eta José Ramón Lasarte (EAJ-PNVko zinegotzia 1991-2003).

Hernaniko Udalak Aranzadi Elkarteari enkargatu zion 1960tik 2018ra bitartean motibo politikoz urratutako giza eskubideak ikertu eta jasotzea. “Hilabeteetako lana izan da, lan gogorra. Eta gaur horren emaitza aurkezten ari gara, sufrimenduz beteta dagoen txostena”, esan du Javier Bucesek. “Hemen, gainera, ez daude biktima guztiak. Badakigu jendea falta dela. Batzuentzat gogorra da guregana hurbiltzea, baina itxarongo dugu”, erantsi du.

“Giza eskubiden urraketak jasan dituzten 380 pertsona eta motibazio politikoko biolentziaren ondorio izandako beste 36 biktima dokumentatu ditugu guztira. 416 pertsona horietatik 305 gizonezkoak dira, 70 emakumezkoak eta 41en nortasunik ez dugu ezagutzen”, adierazi du Bucesek. Guztira, 662 biolentzia kasu partikular eta alderdi politikoen eta instituzioen ondasun materialen aurkako 182 atentatu dokumentatu ditu Aranzadik.

Biktimak eskubide urraketa motaren arabera sailkatu ditu Aranzadik, eta ez egiletzaren arabera, azaldu du Javier Bucesek. “Inor kanpoan ez uzteko”, argitu du.

Bizitzarako eskubidea urratu zitzaien 15 pertsona dokumentatu ditu Aranzadik. Horietako 14 Hernanin gertatuak. Bestea Joseba Pagazaurtundua hernaniarrarena da, gertatu zenean Andoainen bizi zen. Hernanin gertatutakoak kontuan hartzen badira, 6 pertsona hil ziren ETAk eragindako atentatuen ondorioz, eta 7 eskuin muturreko taldeei edo Estatuarekin lotutako talde parapolizialei dagokie (4 Batallón Vasco Españolen biktimak, 2 GALenak, 1 Triple A-rena eta beste kasu bat argitu gabe dago baina itxura guztien arabera, eskuin muturreko GAAE taldekoak izan ziren egileak). “5.000 biztanle baino gehiago dituzten Gipuzkoako 34 herriak kontuan hartuta, Hernanin eta Astigarragan soilik izan ziren eskuin muturreko taldeek, parapolizialek eta poliziek eragindako bizitzarako eskubidearen urraketa gehiago izaera subertsiboko talde armatuek, nagusiki, ETAk, eragindakoak baino”, nabarmendu du Javier Buces historialariak.  

Osotasun fisiko, psikiko eta morala urratu zitzaien 248 pertsonari eragiten dieten 296 kasu dokumentatu ditu Aranzadik, gehienak tratu txarrak eta tortura salaketak (184 pertsonek salatu dituzte torturak edo tratu txarrak jasan zituztela poliziaren zaintzapean zeudenean. Guztira, 215 kasu). Horretaz gain, 21 bahiketa izan zirenaren frogak jaso dituzte txostenean. “Horietatik 18 denbora baterako bortxazko atxikitzeak izan ziren, kaltetuaren ibilgailua lapurtzeko helburuarekin. Egileak gehienetan eskuin muturreko taldeetako eta ETAko militanteak izan ziren batez ere”, argitu du.

Halaber, pertsonei egindako mehatxu larrien 75 kasu (51 pertsonari eragin diotenak) dokumentatu ditu lanak. Horietako 39 alderdi politikoetako militanteak izan ziren, 19 alderdi sozialistako militanteak edo kargu politikoak. 24 pertsonak bizkarzaina eraman zutela ere jasotzen du txostenak.

Horiekin batera, estortsio ekonomikoa, motibo politikoz ondasun materialei egindako atentatuak, Ordena Publikoaren Auzitegiak epaitutako pertsonak, kartzela-sakabanaketa politika jasan dutena pertsonak eta erbesteratu edota deserriratutako pertsonak ere dokumentatu ditu txostenak.

Motibo politikoko biolentziak eragindako beste gertaera batzuk, heriotza ondorio izan zuten beste 20 kasu jasota daude.

Paco Etxeberriak gogorarazi duenez, “gertatu zaiguna gainditu nahi badugu, aurretik zer gertatu zen ezagutu eta gero onartu behar dugu”. Ildo horretan, Luis Intxauspe alkateak nabarmendu duenez, “txosten honetan egia daukagu eta honek erreparazioa lantzeko bidea ematen digu. Hemendik aurrera, biktima horientzat guztiontzat erreparazio ekintza adostea da gure erronka”.

 TXOSTEN OSOA