Eduki publikatzailea

Atzealdea

Arte eszenikoen egitarau oparoa prestatu du Hernani Kulturak areto nagusi berritua publikoz betetzeko irrikaz

Egitarau anitza gozatzeko aukera izango dute hernaniarrek ostegunetik aurrera. Antzerkia, musika eta dantza ikuskizunak izango dira publiko guztiak asetzeko lain. Antzezlan berri-berriak taularatuko dira aforo handitua duen Biteriko areto nagusi berrituan. Musikari dagokionez, Morauk eta Izaro Andresek haien lan berriak aurkeztuko dituzte eta Juan Mari Beltranek, ostera, laukotean joko du Hots larretan.

2018·02·13


Hernaniko Udalak egitarau aberatsa prestatu du otsailetik maiatzera bitartean. Antzerkia, dantza eta musika eskaintza zabalaz gozatzeko aukera izango da, gehien bat Biteri kultur etxean. Horretaz gain, Udal Liburutegian literaturarekin egin ohi diren ekitaldiak ere programazioan gehitu dira oraingoan.

Ostegunean abiatuko den egitarauaren nondik norakoak azaldu dituzte gaur Koro Etxeberria Kultura zinegotziak, Agurtzane Aizpuru Kultura teknikariak eta Rakel Gonzalez Udal Liburutegiko arduradunak.

Arte eszenikoetako programazioan nabarmendu beharrekoak:

Nahasteka atalean diziplina ezberdinen elkarrizketa proposatu nahi da. Aukeran dantza taldeak Maurizia ikuskizun ekarriko du Biteriko oholtzara, ostegunean. Maurizia Aldeiturriaga Zeberioko panderojoleari eskainitako ikuskizuna da. Izan ere, Aukeran dantza taldeak 20 urte bete ditu aurten eta horren zuzendari Muruamendiarazek emakumeak omendu nahi izan ditu.

Helduen antzerki zikloa martxoaren 20tik 22ra izango da eta hiru ikuskizun eskainiko dira:

-Soka ikuskizunak (gaztelaniaz) bullying edo eskola-jazarpenaren gaia lantzen du.
-Ergela Sara Cozar eta Joseba Apaolaza protagonista dituen komedia da.
-Txarriboda. Ezkontza xelebre bat, kabaret moduko bat taularatzen du. Antzezlana den arren, musikak eta dantzak presentzia handia dute.

Haur antzerkia:

Sensacional.Imaginart konpainiak 18 hilabete eta 3 urte bitarteko haurrentzako proposamen berezi bat dakar. Lurzorua pantaila handi bat da, eta bertan egingo dira hainbat proiekzio haurrek irudi eta musikaren bidez esperimentatzeko aukera izango dute. Orduerdiko lau saio izango dira eta 25 haur sartu litezke saio bakoitzean.

Beste lau haur antzezlan izango dira, lauak familia osoarentzat pentsatutakoak:

-Izar. Mari de Jongh konpainia. Testurik gabea
-Kaput. Ganso & Cia. Testurik gabea
-Linbo planeta. Dejabu panpin laborategia
-Ulises. Gorakada teatroa

Musika:

Hiru kontzertu antolatu ditu Hernani Kulturak, estilo desberdinekoak, publiko anitza asetzeko asmoz. Gainera, hiruetako bik haien disko berriak ekarriko dituzte. Morauk Egunsentiak alperrentzat eta Izaro Andresek Eason, hurrenez hurren, aurkeztuko dute. Bestetik, Juan Mari Beltranek Hots larretan emanaldia eskainiko du laukotean. Morauren kontzertua Milagrosan izango da, eta beste biak, Biterin.

Hiru horietaz gain, Hernani Udal Musika Eskolako, Hernaniko Musika Banda eta Hernaniko Txistulari bandaren kontzertuak ere jasota daude egitarauan.

LITERATURA
Udal Liburutegiko programazioari dagokionez, eskaintza ugaritu dute bi helbururekin: literaturak dituen alderdi ezberdinak lantzeko (idatzia, ahozkoa eta “linbikoa”) eta liburutegiak duen ikuspegi ludikoa zabaltzeko.

Ipuin kontaketa saioekin jarraituko du Liburutegiak baina kopurua bikoiztu egin dituzte Hernani Erabaki prozesuari esker.

Ekimen berriei dagokienez, tailerrak eta saio linbikoak egingo dituzte. Batetik, literaturak dituen alderdi ezberdinak lantzeko idazketa tailerra eta ahozko narrazio tailerra antolatu dituzte. Bestetik, saio linbikoak disziplina ezberdinak lotzen dituen ekimena da: poesia, narrazioa, musika… Eneritz Furyac, Gorka Estankona eta Rafa Rueda musikariak formatu akustikoan arituko dira; bakoitzak sei interpretazio egingo ditu, eta pertsonarengan oinarrizkoak diren emozioak ekarriko dituzte.

Egitarau osoa