Berriak
Atzealdea

Emakumezkoak eta 30-44 urte bitarteko hernaniarrak, Baietz Hernanik! gehien mugiarazi dituen kolektiboak

Euskararen erabilera sustatzeko urte osoko erronka planteatu zuen Euskara Ari Du herri mugimenduak eta 1.000 erronkalari lortzea zuen helburua. Eta aise lortu dute. Baietz Hernanik! egitasmoak 1.117 erronkalari bereganatu ditu, eta horietako askori euskararekiko konpromisoa berpiztu ere egin dio. Andrazkoak eta 30-44 urte bitarteko herritarrak dira ekimenean gehien parte hartu duten hernaniarrak.

2019·03·13


Euskararen erabilera sustatzeko helburuz sortu zen Baietz Hernani! ekimena. Erronka handia jarri zuten: urte osoko ekimena izatea eta euskararen erabilerarekin konpromisoa hartuko zuten 1.000 erronkalari lortzea. Eta lortu dute, aise, gainera, 1.117 hernaniar batu baitira herri ekimen honetara.

Elebidunez gain, elebidun hartzaileak bereganatzea zen kanpaina honen helburu nagusietako bat. Eta 131 elebidun hartzailek hartu dute konpromisoa. Baietz Hernanik kanpainak emakumeen artean izan du harrerarik onena; parte-hartzaileen %63,9 andrazkoak izan dira. Adinari dagokionez, 30-44 urte bitartekoak animatu dira gehiago haien euskara astintzera.

Erronka anitzak izan dira baina hiru nabarmen daitezke: lehenengoa, euskaraz egitea bizitzako eremu guztietara (elebidun hartzaileen kasuan, euskaraz dakiten guztiei euskaraz egiteko eskatzea). Bigarren erronka ohikoena izan da gertuko harreman sareetan euskaraz egitea, familian, bikotekidearekin eta lagunartean; eta, hirugarrena, lankideekin euskaraz egitea.

Erronka horiek hizkuntza ohituretan eragina izan dutela ondorioztatu dute ekimenaren bultzatzaileek. Batzutan gehiago beste batzutan baino, baina, oro har, erronkalariek izan duten xede-taldeek euskaraz gehiago hitz egiten dute erronkaren ondorioz.

Hernaniko Udalak Euskara Ari Du elkartearekin lankidetza hitzarmena sinatu zuen 2018ko hasieran. Herrian euskararen erabilera sustatzeko ekimenak sustatzea da elkarte horren helburua. Horretaz gain, joan zen iraileko udalbatzarrak aho batez onartu zuen ekimenaren helburuak babestu, Udalaren jarduna euskaraz egiten jarraitu eta talde politiko eta hautetsi gisa ere euskararekiko konpromisoa hartzeko.

Txostena ikusi