Berriak
Atzealdea

Bidaiatzeko deskontuak izan ditzaketen zenbait txartel eska daitezke udaletxean

Uda garaia bidaiatzeko aproposa izaten da; motxila bizkarrean hartu eta ezagutzen ez ditugun lekuak esploratzeko unea izaten da askorentzat. Nazioarteko ikasle eta irakasle txartelei esker, bidaiak merkeago egin ahalko ditugu. Hori dela, herritarrei gogorarazi nahi diegu Hernaniko udaletxean lau txartel egin daitezkeela: nazioarteko ikasle txartela edo ISIC, nazioarteko irakasle txartela edo ITIC, GO-25 eta Aterpekide txartela. Lauak Gazteria Arloko bulegoan tramitatzen dira.

2019·07·12


Nazioarteko ikasle txartela (ISIC) mundu osoko edozein herrialdetan erabil daiteke. Bere abantailez gozatzeko nahikoa da baldintza bakar bat betetzea: dedikazio osoz ikaslea izatea.

Nazioarteko irakasle txartela (ITIC) ofizialki onartutako ikastetxe batean irakasle gisa kontratatuta daudenek atera dezakete. Berarekin, deskontuak eta zerbitzu bereziak eskura daitezke 125 herrialdetan, garraio, ostatu, museo, kulturgune, antzoki eta beste hainbat zerbitzutan.

Bi txartel hauek ikasturteko iraupena dute eta ikasturtero berritu daitezke.

Bidaia antolatzerako orduan ostatu non hartu izaten da buruhausteetako bat. Gogoratu Nazioarteko Gazte Aterpetxeen sarea dagoela. Gazte Aterpetxeak gazteentzako lo leku merkeak izaten dira, baina baita helduentzat ere. Hernaniko udaletxean 4 aterpekide-txartel atera daitezke: gazteena, helduena, familiena eta taldeena. Aterpekide-txartela izanez gero, munduko aterpetxeetan har dezakete ostatu edozein adineko pertsonek.

Horietaz gain, 31 urtetik beherako gazteei zuzendutako beste bi txartel daude: Go-25 txartela edo IYTC (International Youth Travel Card) -jabeak munduko edozein tokitan milaka abantaila eta deskontu jaso ditzake- eta Gazte-Txartela (European Youth Card) -Europan erabil daiteke-. Gazte txartela ez da udaletxean tramitatzen.

Beharrezko dokumentazioa
Txartelak egin ahal izateko beharrezkoa izaten dira nortasun agiria eta online ordainketa egiteko kreditu txartela. Txartel bakoitzari loturiko beharrezko dokumentazioa zein den jakiteko kontsulta dezakezu ondorengo helbidea:

www.gazteaukera.euskadi.eus

Txartelak eskatu eta jasotzeko bide ezberdinak daude. Gehienak online eska daitezke eta posta bidez jaso 8 egunen buruan. Aurrez aurrekoa nahiago izanez gero, udaletxeko 4. solairuan Haur, Nerabe eta Gazteria Arloko Bulegoan egin daitezke txartelak. Zerbitzua goizez eskainiko da 09:00etatik 14:00etara. Komenigarria da aurrez hitzordua eskatzea 943 57 54 35 telefonoan edo gazteria@hernani.eus helbidera idatzita.