Berriak
Atzealdea

Hernaniko bio-hondakinen purutasun maila %99,48koa da

Hernaniko hondakin organikoen karakterizazioa egin berri du GHK-k eta purutasun maila %99,48koa duela dio txostenak. San Marko Mankomunitateak noizean behin egiten ditu mankomunitatea osatzen duten udalerrien organikoaren azterketak eta joan zen otsailaren 21ean Hernaniko biohondakinena egin zuen.

2019·03·14


Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketaren Kontsorzioak (GHK) 2019ko otsailaren 21ean egin zuen Hernaniko biohondakinen karakterizazioa, San Markoko zabortegian Hernaniko hondakinen kamioietatik hartutako 263 kiloko lagin bat aztertuta. Horietako %99,48 konpostagarria dela ondorioztatzen du txostenak. Ondorioz, ezpurutasun maila %0,52ekoa du Hernanik, Mankomunitate osoko baxuenetakoa.

GHK-k organikoaren kalitatearen inguruko kezka azaldu izan duela eta, San Marko Mankomunitateak organikoaren kalitatearen neurketak egiten ditu aldian behin Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan. Iazko urrian zortzi karakterizazio egin zituen: Donostian, Lasarte-Orian, Errenterian, Pasaian, Oiartzunen, Astigarragan, Urnietan eta industria poligonoetan. Biohondakinen ezpurutasun mailak oso desberdinak dituzte udalerriek, batzuek %0,5ekoa duten bitartean, beste batzuek, %8,14ra arteko ezpurutasun maila dute.

GHK-ren arabera, organikoarekin batera nahastuta dauden beste materialen portzentaia %10 baino gehiago baldin bada, organiko hori baliogabea da eta errefusatzat hartzen da. Dena dela, %5tik beherako ezpurutasun maila lortzea da GHK-k ezartzen duen helburua.