Berriak

Atzealdea

Elizatxo Ikastola, energiaren kontsumo arduratsuarekin konprometitua

1
Elizatxo Ikastolak energia modu jasangarrian erabiltzearen aldeko apustua egin du. Hernaniko Udalarekin elkarlanean, eta energia modu arduratsuan erabiltzeko helburuz, Euronet 50/50 egitasmoarekin bat egin dute. Bi erakundeek hitzarmena sinatu dute ikastolan bertan, energia taldeko kideek lagunduta. Sinadura ekitaldian Luis Intxauspe Hernaniko alkatea eta Mattin Aldaia Ingurumen zinegotzia izan dira eta Elizatxo Ikastolako zuzendari Guren Elu.

2018·11·30


Euronet 50/50 Europar Batasunean sortutako ekimena da eta horren helburua da eraikin publikoetan energia aurreztea.

Hernaniko Udala duela bi urte hasi zen Energia Plana lantzen, Europak energia jasangarriaren arloan 2030 urterako ezartzen dituen helburuak lortu nahian. Europar Batasunak, besteak beste, CO2 isuriak %40ean murriztea ezarri du helburu, eta erakunde publikoak ari gara planak lantzen helburu horiek lortzeko.

Hernaniko Energia Planak hainbat arlo eta neurri aurreikusten ditu eta lehenengo fasean udal eraikinen energia kontsumoa aztertu eta hori murrizteko neurriak hartzea da.

EURONET 50/50
Horren barruan kokatzen da Euronet 50/50 ekimena. Ikastetxe publikoen energiaren kontsumoaren faktura Udalak ordaintzen du eta, programa honen bidez eta hezkuntza komunitatea inplikatuz, energiaren kontsumo arduratsu bat lortu nahi da.

Programa honetan parte hartzeko ardura hartu duen lehen ikastetxea Elizatxo Ikastola da. Esperientzia aintzindaria izango da Hernanin eta gure asmoa da etorkizunean beste ikastetxe batzuetara zabaltzea.

Euronet 50/50ren oinarria da energiaren kontsumo arduratsu bat egitea eta hori lortzeko bi elementu baliatzen ditu:
1. Ingurumena zaintzearen beharrarekiko sentsibilizazioa
2. Pizgarri ekonomikoak

Nola gauzatuko dute egitasmoa Elizatxo Ikastolan?
Energia aurrezteko plagintza batekin eta irakasleen zein ikasleen inplikazio eta konpromisoarekin. Horrela, Elizatxo Ikastola eta Udala elkarlanean, energia aurrezteko plangintza bat diseinatu dute eta ikastetxeak hori gauzatzeko ardura hartu du.

Neurri horiek behar bezala aplikatzen ari direla egiaztatzeko talde eragile bat osatu dute eta dagoeneko lanean ari dira. Ikasturtearen amaieran ikusiko da zenbat energia aurreztu duen ikastetxeak eta energia horren aurrezki ekonomikoaren erdia ikastetxeari emango dio Udalak.

Ikastetxeek energia aurrez dezaten motibatzea da programa horren helburua, energia aurrezteaz gain, ikastetxeak onura ekonomiko bat ere baduelako beste ekimen batzuetan inbertitzeko.

 

1