Berriak

Atzealdea

Emakume raketistek kirolari egin dioten ekarpena isilpetik ateratzeko ekimena hartuko du Hernanik apirilean

1
Emakume raketisten iragana eta oraina ezagutarazteko asmoz, ekitaldi sorta bat eskainiko du Hernanik apirilaren 4tik aurrera. Biterin ikusgai izango den erakusketa bat eta dokumental baten emanaldiaz gain, kiroldegiko frontoian raketista partida bat ikusteko aukera izango da.

2018·03·23


“Jarduera fisikoa eta Kirolaren Nazioarteko Eguna apirilaren 6an izango dela eta, Raketistak Lehen eta Orain Kultur Elkarteak antolatzen duen ekimena ekarriko dugu Hernanira”, esan du Esti Aldeiturriaga Jarduera Fisikoa eta Kirol zinegotziak.  “Pilotari hauek ekarpen garrantzitsua egin diote kirolari, emakumearen kirolari bereziki, eta, hala ere, erabat ezezaguna da. Emakume horiek kirolaren Historian merezi duten lekua eta garrantzia ematen lagundu nahi dugu”, erantsi du.

Raketisten elkarteak helburu horrekin prestatu du ekimen hau, eta Hernanin ere bat egiten du asmo horrekin, emakumeok kirolaren historian izan duten eta duten garrantzia ikusgarri bihurtzeko helburuarekin, alegia.-

Ekimenak hiru ardatz izango ditu:

1.  Erakusketa: apirilaren 4-12ra, Biterin.
2. Raketisten partida: apirilaren 6an, 19:00etan, kiroldegiko frontoian.
3. Dokumentalaren emanaldia: apirilaren 12an, 19:00etan, Biterin.

1-Erakusketa. RAKETISTEN IBILBIDEA jasotzen du (1917-1980)
Frontoian jokatzen zuten emakume hauek mundu mailako lehen kirolari profesionalak izan ziren. Neska gazteak Madrilera joan eta bertan jokatzen zuten. Madrildik Ameriketara salto egin zuten batzuek eta neska horiek kobratzen zuten partidak jokatzeagatik. Euskal Herrian ez zituzten begi onez ikusten emakume aintzindari horiek, baina hemendik kanpo arrakasta handia lortu zuten.

2-Erakustaldia/partida
Euskal Herriko raketistek eskainiko duten partidan ikusi ahalko da nola jokatzen duten.

3-Dokumentala. RAKETISTAK LEHEN ETA ORAIN
Emakume pilotari profesionalak ezagutzeko bidaia aurkezten du. Ehunka emakume izan ziren raketista profesional Espainiar Estatuan nahiz Ameriketan propio zabaldutako frontoietan. Eta erabat ezkutuan egon da Euskal Herrian. Raketisten gaia gordea egon da, sekretua bailitzan.

Argazki, agiri, ilustrazio eta egunkariez gain, “Agustina”, “Ramonita”, “Asteasu”, “Emili”, “Soroa” eta “Larramendi I” emakume aurrerakoi hauek frontoi barruan nahiz kanpoan izandako bizipenen berri ematen dute. Amaia Irazustabarrena raketista hernaniarra bertan egongo da.

Info + www.raketistak.com

Kartela egitarauarekin

1