Eduki publikatzailea

Atzealdea

ERAKUNDE ADIERAZPENA: Hernaniko preso baten senideek jazotako istripua dela eta

2018·01·02


28 urte luze dira dagoeneko, gobernu espainiar eta frantsesak euren lurretan zehar euskal presoen urrunketa era sistematiko eta orokorrean martxan jarri zutenetik.

Neurri honek ez dio soilik oinazea sortzen zigorra betetzen ari den presoari, zuzen eragiten die senide eta lagunei ere. Praktikan beharrezkoa ez den zigor bat da, senideek euren borondatearen aurka egin behar dituzten bidaiak dira, euren senide presoekin bisita eta komunikazio eskubideak gauzatzeko bakarrik eginak.

Ehunka dira kalte fisiko eta materialak pairatu dituzten pertsonak, baina larriena dena eta jada konponbiderik ez duena, 16 senideen heriotza da, bisitetara joaten ziren bitartean zendutakoak.

Sufrimendua sortzen duten arriskuek ondorio larriak dituzte, eta istripuak etengabe suertatzen dira, urte honetan Hernaniko bi presori eragin diena. Azkena Marta Igarri preso hernaniarra bisitatu ostean 3 hernaniarrek pairatu dutena abenduaren 27an; 564 kilometrotara dagoen Castello I espetxetik (Castelló) bueltan izan zuten istripu larria. 3 lagunetik 2k ospitaleratu egin behar izan dituzte istripuaren oinazeak direla eta. Batek 6 saihets apurtuak ditu eta 2 orno zanpatuak eta besteak, aldiz, bularrezurrean haustura du.

Urruntze politika honek ez du zentzurik eta ez dio mesederik egiten preso diren pertsonen errotze sozialari, euren senide eta lagunak kaltetuak direlarik. ETAren behin betiko etenaren ondoren, bere armagabetzea barne, egoera hau luzatzeak ez du inolako zentzurik. Orain, aldatzeko aukera dugu, oinaze guztiak kontuan hartzeko unea da, pertsona guztien giza eskubideak errespetatzeko eta etorkizun hobeago bat eraikitzeko momentua, urrunketari amaiera emateko ordua da. Senideen sufrimenduarekin amaitzea beharrezkoa da.

Honengatik guztiagatik, ETXERAT elkarteak Hernaniko Udalbatzari ondorego erakunde adierazpena egin dezan eskatzen diogu:

ERAKUNDE ADIERAZPENA

1.- Hernaniko Udalak bere kezka eta elkartasuna azaldu nahi ditu, pasa den abenduaren 27an Marta Igarriz preso hernaniarra bisitatzetik zetozen 3 senide hernaniarrek, Castelló I espetxetik Hernanira itzultzean, izandako istripuaren larritasunaren aurrean, horren ondorioz bi senide zauriekin ospitaleratu behar izan baitziren.

2.- Hernaniko Udalak eskatzen du urrunketa politikaren desaktibazioa, presoen eta beren senide eta lagunengan eragiten duen sufrimendu eta zigor gehigarriarekin bukatzeko.

3.- Hernaniko Udalak bat egiten du gaur arratsaldeko 19:00tan Etxerat elkarteak Udaletxe aurrean deitu duen elkarretaratzearekin, azken istripua salatzeko, eta dei egiten die herritarrei bertan parte hartzeko.

4.- Hernaniko Udalak Erakunde Adierazpen honen berri emango dio Estatu espainiarreko Gobernuari, eta gizarteari Hernaniko Udaletxean agerraldi publiko baten bitartez.

Hernani, 2017ko abenduaren 29a