Berriak
Atzealdea

Hernaniarren artean erremontearekiko afizioa zabaltzeko helburuz lankidetza hitzarmena sinatu du Udalak

2
Hernaniko Udalak, erremontea herrian sustatzeko helburuz, lankidetza-hitzarmena sinatu du gaur Oriamendi 2010 enpresarekin. “Hernaniko kultur ondare berezia da erremontea eta guri, hernaniarroi, dagokigu kontserbatzea eta zabaltzea”, esan du Luis Intxauspe alkateak. Endika Barrenetxea erremontista profesional hernaniarrak ere parte hartu du ekitaldian. Erremontearekiko afizioa sustatu nahian, hernaniarrek Galarretako frontoiko partidak ikusi ahalko dituzte sarrera merkeagoekin.

2019·02·20


  • Hernaniko Udalak eta Oriamendi 2010 enpresak sinatu berri den hitzamenaren arabera, hernaniarrek Galarretako frontoiko partidak ikusi ahalko dituzte sarrera merkeagoekin.
  • Udal kirol udalekuetan eta Gaztelekuan erremontean aritzeko aukera eskainiko zaie nerabe eta gazteei.

Hernaniko Udalak, erremontea herrian sustatzeko helburuz, lankidetza-hitzarmena sinatu du gaur Oriamendi 2010 enpresarekin. Erremontea maila profesionalean egunerokotasunean jokatzen den frontoi bakarra da Galarretakoa. Hortaz, “Hernaniko kultur ondare berezia da erremontea eta guri, hernaniarroi, dagokigu kontserbatzea eta zabaltzea”, esan du Hernaniko alkate Luis Intxauspek.

“Udalak konpromisoa hartzen du pilota modalitate horren ezagutza eta, ahal bada, afizioa, herrian sustatzeko, eta, bereziki, haur eta gazteen artean. Horretarako, udal kirol udalekuetan, beste kirolekin batera, erremontea ezagutu eta praktikatzeko aukera izango dute haur eta nerabeek. Horretaz gain, Gaztelekuan ere erremontean aritzeko aukera eskainiko zaie gazteei”, erantsi du Intxauspek. Erremontea herritarren artean ezagutarazteko etorkizunean landuko diren beste ekimenekin bat ere egingo du Udalak.

“Inor ez dadila gelditu erremontea ezagutu gabe”
Udalak Oriamendi 2010 enpresarekin sinatu duen hitzarmenari esker, hernaniarrek Galarretako partidak ikusi ahalko dituzte sarreraren prezio murriztuekin. %50 eta %60ko beherapen artean izango da. Nortasun Agirian Hernaniko helbidea azaltzea nahikoa da sarreren prezio murriztu horretaz onuratzeko.

Onura hori indarrean sartuko da Erremonte Egunetik aurrera. Larunbatean izango da Erremonte Eguna eta ekitaldi horretarako sarrera doakoa izango da, Xabier Gonzalez Oriamendi 2010eko ordezkariaren hitzetan, “azken 50 urtetan erremontearen eta Hernaniko herriaren lotura naturala izan da, eta, hain gertu egonik, ez dugu inor utzi nahi gure kirolaz gozatzeko aukerarik gabe”. Hernaniarrek izango dituzten abantaila horiek ere helburu bera dute, “hernaniarrek Galarretara hurbiltzeko erremontea ezagutu, praktikatu eta gozatzeko aukera izatea, alegia”.

 

1 2