Berriak
Atzealdea

Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia

Iaz hernaniarren %20k egin zuten errenta aitorpena euskaraz. Hobetzeko tarte handia dago oraindik eta Buruntzaldea euskarazek euskararen erabilera horretan ere suspertzeko urteroko kanpaina abiatu du. Uztailaren 1era arte dago 2018ko ekitaldiari buruzko errenta aitorpena egiteko aukera.

2019·04·30


Hernanin %20 inguruk egin zuen iaz errenta aitorpena euskaraz. Pixkanaka bada ere, gero eta gehiago gara Hernanin aitorpena euskaraz egiten dugunak.  Eta tarte handia dugu hobetzeko. Euskaldun aktibo izateko beste modu bat duzu errenta aitorpen euskaraz egitea.

Era desberdinak daude aitorpena egiteko: etxera iritsitako autolikidazioa onartuta, zerbitzu mekanizatura joanda edo internetez eginda. Hiru modalitateetan duzu euskaraz egiteko aukera.

Autolikidazio proposamenak iristen ari dira etxeetara. Zerbitzu mekanizatuan ordua hartzeko epea apirilaren 12an ireki da. Horretarako, Hernaniko Latsunbeberri auzoko 8-9 bulegoan hartu behar da ordua. Hauxe duzu telefonoa: 902 100 040.

Autolikidazioa onartzerakoan, aski duzu euskaraz onartu nahi duzula adieraztea. Era mekanizatua hautatzen baduzu, berriz, bulegoan hartzen zaituen langileari esan euskaraz egin nahi duzula.

Aukera ezazu Errenta Aitorpena euskaraz egitea.

Informazio gehiago