Eduki publikatzailea

Atzealdea

Etxe eta auzo-konpostari buruzko VII. Mintegia hartuko du Hernanik

Composta en Red sarearen VII. Mintegia antolatu du aurten Hernaniko Udalak. Konpostajearen inguruan Estatu espainiarrean egiten diren esperientziak ezagutzeko parada izango dute Hernanira gerturatzen direnek. Ehundik gora lagunek eman dute izena mintegian. Urriaren 19an eta 20an izango da, Orona Ideon eta herrigunean. Konpostajeak ekonomia zirkularrean duen garrantzia aztertzea izango da mintegi horren ardatza.

2017·10·17


Zero Zabor filosofiaren barruan, etxeetako zein auzo konpostajea bultzatzen duten Estatu espainiarreko udalek osatzen dute Composta en Red sarea. Sare horren helburua da konpostajearen aldeko politika publikoak sustatzea eta hobetzea. Hernani sare horretako kidea da.

Azken zortzi urteotan Composta en Red sareak sei mintegi egin ditu, hainbat esperientzia ezagutzeko aukera eman dutenak, gai askotara hurbilduz eta etxean edota auzoan konpostatzearen inguruko hainbat alderditan sakonduz.

Zazpigarren mintegia Hernanin izango da, Orona Ideoren eraikinean. Urriaren 19an eta 20an. Urriaren 19an hitzaldiak, mahai-inguruak eta egitasmo berritzaileen aurkezpenak izango dira eta, 20an, Hernaniko azpiegituretara bisita teknikoak egingo dituzte.

Ekitaldi honen gai zentrala hauxe izango da: ekonomia zirkularrean konpostatze sistema deszentralizatuak duen lekua eta garrantzia. Izan ere, hezkuntza sisteman lantzeko gai izatetik, hondakin organikoen kudeaketako sisteman ezinbesteko osagai izatera pasa baita etxe eta auzo konpostaren afera.

Osagarri moduan, doktore tesi gisa gauzatu diren hainbat ikerketa azalduko dira, baita beste proiektu berritzaile batzuk ere. Eta mintegiari amaiera emateko, Hernaniko proiektua bisitatuko dute bertaratutakoek.

Mintegi hori zuzenduta dago toki erakundeetako arduradun politiko eta teknikoei, auzo konpostarekin zerikusia duten elkarteei eta enpresei eta ikasleei. Dagoeneko egundik gora lagunek eman dute izena.
Izen-ematea: Doakoa da, inprimaki hau beteta:
Izena emateko orria
Plaza kopurua (300), aretoaren edukierak mugatua.
Egitaraua