Berriak

Atzealdea

Etxeberri auzoko urbanizazio lanek hornidura sare publikoak berritu eta irisgarritasuna hobetu dituzte

5
Otsailean hasi eta amaitu berri den obra honetan ezkerreko eremuko ur, saneamendu eta argiteria sare publikoak berritu dira. Halaber, espaloiak ere berritu dira eta horietan zeuden hainbat koska ere kendu dira.

2018·10·06


Etxeberri auzoan egiten ari diren urbanizazio lanek beste pauso garrantzitsu bat eman dute. Auzoaren urbanizazioaren I. fasea eginda zegoen (auzoaren eskubiko aldea) eta II. fasea egiten aurtengo otsailean hasi zen. Fase honek ezkerreko eremua hartzen du.

Entitate handiko obra denez, bigarren fasea bitan banatu da. Lehenengo zatia aurtengo otsailean hasi eta orain amaitu berri da. Orain bigarren azpifaseari ekiteko prozedura martxan jartzen ari da Udala.

Etxeberrin egiten ari diren urbanizazio lan horien helburua da udal zerbitzuetako sareak berritzea, hau da, ur hornidura, saneamendu eta argiteri sareak -kaleko argiztapena barne-. Era berean, Udalarenak diren espaloiak zabaldu eta berritu dira obra honetan.

Azpiegiturak berritu eta irisgarritasuna hobetu dira
Bukatu berri den obra honek 5-7 bitarteko blokeen eremua, auzoaren goiko eremua (1-3 bitarteko blokeak) eta auzoko errepidearen ezkerreko espaloia eta hegoaldeko oinezkoen eremua hartu ditu. Horretan ur, saneamendu eta argiteria apiegiturak berritzeaz gain, irisgarritasuna ere hobetu da.

Irisgarritasunari dagokionez, espaloiak berritzen ari zirela kontuan hartuta, saltoki eta atarietako sarrerak -orain arte maila desberdinak zituztenak- berdindu dira irisgarritasuna hobetzeko asmoz. Horretaz gain, lur azpian dauden ur, saneamendu eta argiteria sareak ere berritu dira.

Horretaz gain, Laiztiagatik Etxeberrira doan oinezko bidea luzatu da, eta orain Etxeberriko bizilagunek belardiaren erdian egin den bidexkatik pasatu ahalko dute.

Amaitu berri den Etxeberriko urbanizazioaren lan horietan 732.000 euroko inbertsioa egin du Udalak; obraren zuzendaritza, exekuzioa eta AMR lantegiko espazioaren egokitzapena (Foru Aldundiaren lurzorua da eta Udalak baimena eskatu zion obrek iraun zuten bitartean lur horiek bizilagunen aparkaleku bezala erabiltzeko. Hala ere, Udalak egokitzapenak egin behar izan zituen ibilgailuak aparkatu ahal izateko).

Lan horiek amaituta, bigarren zatiari ekiteko prozedura prestatzen ari da Udala faltan den obraren zatiaren exekuzioa ahalbidetzeko.

Urbanizazioa osatzeko gelditzen diren lanak honako hauexek dira: 1-3 blokeen beheko eremua eta 7. blokearen arrapala, espaloia eta eskailerak. Nabarmentzekoa da egingo den arrapala, auzokideen aspaldiko eskaera baita eta auzoaren irisgarritasuna nabarmen hobetuko duena.

Horretaz gain, eremu horren asfaltatze lanak ere egingo dira, baina hauek Zerbitzuetako Sailak urtero aurreikusten dituen asfaltatze lanen barruan egingo dira.

1 2 3 4 5