Berriak
Atzealdea

Etxebizitzaren alokairua ordaintzeko diru-laguntza eskaera inoizko handiena izan da

Udalak ohiko etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzeko diru-laguntzen laugarren deialdia egin du eta 193 pertsonak egin dute eskaera, iaz baino 61 pertsona gehiagok. 2019an 164.000 euroko partida bideratuko du Udalak alokairua diruz laguntzeko; 82.000 euro gazteentzat eta beste hainbeste 36 urtetik gorakoentzat.

2019·01·31


Hernaniko Udalak etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzeko diru-laguntzak atera zituen lehen aldiz 2015an. Diru-laguntza horiek bi helburu nagusi dituzte: gazteak, bereziki, emantzipazio bidean laguntzea eta herrian etxebizitzen alokairua sustatzea. Laugarren deialdia honekin diruz lagunduko diren alokairu-gastuak 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31ra bitartekoak izango dira.

Aurten nabarmen igo da eskaera kopurua; 2016an 77 eskaera jaso ziren, 2017an, 73 eta 2018an, 105. Azken deialdi honetan, beraz, aurrekoan baino 32 eskaera gehiago egin dira.  Eskatzaile kopurua ere inoizko handiena izan da: 193 pertsonak eskatu baitute alokairua ordaintzeko laguntza, iaz baino %46,2 gehiago.

2018ko deialdirako 164.000 euroko partida bat bideratu du Udalak: 82.000 euro 18-35 urte bitartekoentzat eta 82.000 euro 36 urtetik gorako eskatzaileentzat.

Behin eskaera guztiak aztertuta, beharrezkoa den kasuetan, dokumentazioa eskatzeko epea zabalduko da. Eskatzaileari jakinaraziko zaio, gutun baten bidez, zein dokumentazio aurkeztu behar duen.  

Apirila aldean espero da onuradunen behin-behineko zerrenda argitaratzea eta maiatzean, behin betiko ebazpena. Diru-laguntza bi zatitan ordaintzen da. Lehen ordainketa deialdia ebatzi ostean izaten da. Bigarrena, berriz, irailean izaten da.