Berriak

Atzealdea

750 erronkalarik konpromisoa hartu dute Hernanin euskararen erabilera bultzatzeko

1
Baietz Hernanik! Udalak bultzatzen duen euskararen aldeko egitasmoak helburu bat ezarri zuen urte hasieran: 2018 amaitu aurretik euskararen erabilera bultzatzeko konpromisoa 1.000 lagunek hartzea. Egun 750 erronkalarik eman dute izena. Herriko eragile askok parte hartu dute ekimenean: Udalaz gain, kultur eta kirol eragileek, ikastetxeek eta euskaltegiek, besteak beste. Ekimenera batzen azkenak Hernaniko zenbait enpresa izan dira: Orona, Mitxelena eta Iturola elkarlan gunea, euskararen erabilera lan arloan ere hedatzeko asmoz.

2018·09·07


Baietz Hernanik! kultur elkarteak ekimenaren errepasoa egin du. Otsailean jarritako erronka 1.000 lagunen atxikimendua lortzea izan zen. 750 erronkalari lortu dituzte. Marka garrantzitsua da, baina 250 erronkalari falta dira helburua lortzeko. Beraz, euskararen erabileraren aldeko konpromisoa hartzera gonbidatu dituzte hernaniarrak. Izena emateko bide desberdinak daude: www.euskaraaridu.eus webgunean, Biterin dauden orriak bete eta postontzian utzita, edota elkarteak Larramendin duen lokalera gerturatuta.

Hemendik abendura bitartean, herrian giroa berotzeko ekintza ugari prestatu ditu Baietz Hernanik! kultur elkarteak. Hona hemen egitaraua.

Irailak 13
Bakean dagoena, bakean utzi antzerkia. Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen eskutik, Hernaniko Berdintasun Sailarekin lankidetzan. Euskara, generoa eta umorea ditu ardatz antzerkiak.

Irailak 22
Kale-erronka animazioa Hernaniko kaleetan barrena Hatzi Klimbers eskalatzaile-taldeko kideen laguntzaz. Miren Gojenola eta Mikel Laskurain izango dira gidariak.

Irailak 27
Ander Txintxurretan euskarari buruzko mahai-ingurua bideratuko du bi euskal kirolarirekin. Izaskun Zubizarreta eskiatzailea hizlarietako bat izango da.

Urriak 7
Ari du abestia aurkezteko emanaldi berezia Milagrosan, elkarrizketa musikatua. Kazetari batek  Maite Larburu eta Andoni Tolosa elkarrizketatuko digu, euskara eta beren ibilbide musikala hizpide hartuta. Elkarrizketa egin ahala, beraiek abesti batzuk abestuko dituzte. Abestiari dagokionez, Zigor DZ disko-jartzaileak abestiaren bertsio modernoa egin du.

Urriak 17
Amalia Barquinen hitzaldia. Generoa eta euskara izango ditu hizpide.

Azaroak 29
Mintzodromoa Udal Euskaltegiarekin lankidetzan.

Abenduan
Kantu-bazkaria eta amaiera-festa.

1