Eduki publikatzailea

Atzealdea

Euskararen erabilera Hernaniko kaleetan bi puntu igo da azken hamabost urteotan

Soziolinguistika Klusterrak Hernaniko kaleetan euskararen erabilerari buruzko neurketa egin zuen iazko udazkenean eta emaitzak aurkeztu berri dituzte. Neurketa horren arabera, Hernaniko kaleetan egiten diren hamar elkarrizketatik 3 euskaraz egiten dira (%29,8), 2001ean baino bi puntu gehiago. Nabarmentzeko bi datu: umeak dira kalean euskaraz gehien egiten dutenak eta gero eta gazte gehiagok hitz egiten du euskaraz kalean (%13,2ko igoera 2001etik).

2017·06·06


Hernaniko kaleetan zenbat euskara egiten den neurtu zuen 2016ko udazkenean Soziolinguistika Klusterrak. 2001ean egin zuen lehenengo neurketa eta, orduz geroztik, lau urtean behin egiten du. Azkeneko datuak plazaratu berri ditu.

2.050 elkarrizketa behatu zituzten, 5.905 herritar ingururen arteko elkarrizketak, hain zuzen ere. Hernaniko 9 gunetan izan ziren: Erdigunea, Elizatxo-Portu, Larramendi-Lizeaga, Karabel-Zikuñaga, Marieluts-Latsunbeberri, Gartzia-Goldaraz-Karmelo Labaka, Antziola, Sagastialde-Florida-Exeberri, Ereñotzu.

Neurketa horien ondorioak honakoak dira:

  • Hernani osoan, kaleko elkarrizketen %29,8 euskaraz egiten dira, %69 gazteleraz, %1,2 beste hizkuntzetan.
  • 2001etik 2016ra bitarteko bilakaerari dagokionez, euskararen erabilera bi puntu igo da azken hamabost urteetan.
  • Emakumezkoek (%32) gizonezkoek (%27) baino gehiago erabiltzen dute euskara kalean.
  • Haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (%45). Gazteen artean %30ekoa izan da, helduen artean %25,9koa eta euskara gutxien erabiltzen dutenak adinekoak dira (%13,1).
  • Nabarmentzekoa da euskararen erabilera gazteen artean izan duen gorakada:15 urteotan %17,2eko igoera izan da (%17,4tik %30,6ra). 2011an jaso ziren daturik onenak (%47,8).
  • Auzoaren arabera, hizkuntzari dagokionez, errealitate oso desberdinak bereiz daitezke:
  • %12-25 bitarteko erabilera: Karabel-Zikuñaga, Larramendi-Lizeaga, Gartzia-Goldaraz-Karmelo Labaka, Sagastialde-Florida-Exeberri, Antziola.
  • %42-92,6 bitarteko erabilera: Erdigunea, Elizatxo-Portu, Marieluts-Latsunbeberri, Ereñotzu.

Erabilera horren interpretazioa egiteko ezinbestean kontuan hartu behar da euskararen ezagutza maila. 2011ko datuak hartu ditu Soziolinguistika Klusterrak oinarri, horiek baitira berrienak. Eustatek urte hartan egindako Biztanleriaren eta Etxebizitzen Estatistikaren arabera, Hernaniko biztanleriaren %57,3 euskalduna zen. Beste zati batek (%22,1), euskalduna izan gabe, bazuen euskararen nolabaiteko ezagutza bat, ulermen-mailan behintzat, eta gainerako %20,6 erdalduna zen.

Hiztun desberdinen arteko konbinazio posibleak aintzat hartuta, formula bat egiten da eta horren emaitza da erabilera isotropikoa. Hernaniko biztanleen arteko zorizko harreman posibleetan, eta euskaldunek euskaldunekin beti euskaraz jardunez gero, %25,8koa da espero daitekeen euskararen erabilera.

Txosten osoa eskuratu