Eduki publikatzailea

Atzealdea

Foru Aldundiak murriztu du Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren finantziazioa eta zerbitzua arriskuan jarri du

2017·07·19


Hernaniko Udaleko ordezkari, Xabier Lertxundi Asteasuinzarra zinegotziak, kontrako bozka eman du Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Erakunde Arteko Mahaiak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua finantzatzeko udalei bideratzen zaien diru ekarpenean onartu duen murrizketan. Desadostasuna eta kezka adierazi ditu murrizketa honek kolokan jarriko duelako batez ere adinekoentzat hain beharrezkoa den zerbitzu honen iraunkortasuna eta kalitatea.

Hernaniko Udalak garbi esan nahi du hartu den erabakiak Aldundiak zerbitzu sozialetan egingo duen murrizketa bat dela, nahiz eta ez duten hala adierazi nahi. Orain hilabete batzuk Luis Intxauspe Arozamena Hernaniko alkateak honen inguruan galdetu zion Maite Peña Lopez Gizarte Politiketako diputatuari eta honek murrizketarik ez zela izango erantzun zion.

Aldundiak orain arte zerbitzuaren %80a finantzatzen zuen eta erabaki honen ondorioz %50a finantzatzera pasako da hiru urtetan. Murrizketak aurten bertan hasiko dira. Bat-bateko inbertsioaren jaitsiera honek egoera larrian jartzen du zerbitzua eta ezinegona sortu da udaleko zerbitzu sozialetan.

Ez da hau Aldundiak hartutako erabaki bakarra Hernaniko Udala bereziki kaltetzen duena. Orain hilabete batzuk Aldundiak aldebakartasunez Zaharren Egoitza (Aldundiaren eskumena izan beharko lukeena) bere esku hartzea 2019 urte arte luzatu zuen. Horrek urtean Hernaniko Udalak 800.000 euro inbertitu beharra suposatzen du, berez Aldundiak egin beharko lukeena. Aldundiak hartutako erabaki honek zuzenean Hernaniko herritarrak kaltetzen ditu, Udalak beste ekimen batzuk martxan jartzea eragozten baitu. Hernaniko Udalak soluzioak eskatu izan dizkio Aldundiari honen inguruan baina ez da erantzunik izan.

Argia da Hernaniko Udalak zerbitzu sozialekiko daukan konpromisoa eta bere esku dagoen guztia egingo du zerbitzua orain arte eman den modu berean ematen jarraitzeko, udal honen lehentasuna herritarren beharrei erantzutea baita.