Berriak
Atzealdea

Furgoneta berria landaguneko adinekoen zerbitzura

Landagunean bizi diren adinekoak edota mugikortasun arazoak dituzten pertsonak herrigunera hurbiltzen ditu Bidez bide zerbitzuak. Hernaniko, Andoaingo eta Urnietako udalek elkarlanean eskaintzen duten zerbitzua da eta hemendik aurrera furgoneta berria izango du. Hamar urte bete dira zerbitzua martxan jarri zenetik eta, emaitza onak ikusita, bultzada eman diote hiru udalok.

2019·01·11


Aste honetan aurkeztu dute Urnietan furgoneta berria. Hernaniko Zerbitzu Sozialetako presidente Xabi Lertxundik, Andoaingo alkate Ana Carrerek, Urnietako alkate Mikel Pagolak, Behemendiko ordezkari Juan Cruz Alberdik eta furgonetaren gidari Begoña Berastegik. 45.000 euro inguruko kostua izan du ibilgailu berriak -kopuru horren erdia mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat egokitzeko bideratu da-. Gidariaz gain, zazpi erabiltzailerentzako lekua du ibilgailuak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko departamenduak finantzatu du ibilgailuaren kostua eta hiru udalek hartzen dute bere gain zerbitzuaren kostua eta ibilgailuaren mantenua.

Hamar urte igaro dira Hernaniko, Urnietako eta Andoaingo udalek Bidez bide zerbitzua martxan jarri zutenetik. Landa gunean bizi diren adineko pertsonei eta mugikortasun arazoak dituztenei herrigunera gerturatzeko doako zerbitzua da. Bidez bide zerbitzuak landaguneko herritar multzo horri ahalbidetu dio medikuarengana joatea edota erosketak egitea.

Behemendi elkartearen bidez eskaintzen dute Beterri-Buruntzako hiru udal horiek zerbitzu hori: astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 12:00etara. Bidez bide zerbitzuak hiru helburu nagusi ditu: landagunean bizi diren adineko pertsonak herriko zerbitzu publikoetara hurbiltzea, erabiltzaile horien autonomia sustatzea, bazterketa soziala saihestea eta hiri eta landa eremuko harremanak eta loturak bultzatzea.

Hernaniko, Andoaingo eta Urnietako bizilagunek bere udalerrietako zerbitzu sozialetan egin dezakete zerbitzua erabiltzeko eskaera.