Eduki publikatzailea

Atzealdea

Gazteek alkohola modu arduratsuan kontsumitzearen aldeko kanpaina abian

2
"Asteburu zoragarria edo zorabiatzeko moduko asteburua" lelopean, sentsibilizazio kanpaina abiatu du Hernaniko Udalak, jendarteari, oro har, baina bereziki gazteei zuzendua. Alkohola arduraz kontsumitzearen aldeko mezua zabaltzea da kanpaina honen helburua. Alkoholaren kontrolik gabeko kontsumoak osasunean eta bizikidetzan sor ditzakeen ondorioen berri eman eta ondo pasatzeko beste modu batzuk daudela gogorarazten zaie gazteei. Ikastetxeetan, Gaztelekuan eta kale hezitzaileen bidez zabalduko da mezua eta kanpainaren irudia.

2017·04·28


Ikerketen arabera, gazteak gero eta lehenago hasten dira alkohola kontsumitzen, eta kontsumitzeko ohiturak ere aldatu dira gurean. Ohikoa da gazteak -horietako asko adingabeak – ikustea graduazio handiko alkoholdun edariak denbora tarte laburrean edaten. Horrek arazoak sortzen ditu, osasun arazoak gazteei beraiei, baita bizikidetza arazoak ere.

Hernani inguruko herrietako gazteen topaleku izaten da eta horrek gazteei zein bizilagunei sortarazten dizkien arazoei aurre egin nahian jarri du martxan Udalak kanpaina hau. “Hernaniko ikastetxe, Gazteleku eta kale hezitzaileen bidez zabalduko da kontsumo arduratsuaren aldeko mezua”, adierazi du Xabier Lertxundi Zerbitzu Sozialetako lehendakariak. Kalean ere ikusgai izango dira, hainbat minipuntutan.

Kanpainaren leloa da "Asteburu zoragarria edo zorabiatzeko moduko asteburua" eta irudiak komiki baten itxura du. Gazteei irudi atsegin baten bidez eta oso modu grafikoan ematen die kontrolik gabeko kontsumoak izan ditzakeen ondorioen berri.

Alkoholaren gehiegizko kontsumoaren arazoa orokorra da, adin guztietan gertatzen da, baina Udalaren helburu nagusia adingabeen ongizatea bermatzea da, gehiegizko kontsumo hori 12-13 urterekin gertatzen denean arriskua areagotzen baita, pertsona horien garapenean izan ditzakeen arazoak handiak baitira.

Kanpaina hau Menpekotasunen Prebentziorako Hernaniko Tokiko Plana 2015-2020ren baitan kokatzen da. Sentsibilizazio kanpaina honekin batera neurri zehatzak ere ezarri ditu Udalak. “Berriak merkatarien elkartearekin batera lanean ari gara tabernetan adingabeei alkoholik ez zerbitzatzeko. Herrian dauden supermerkatuetako arduradunei ere gutuna bidali genien gogorarazteko 18 urtetik beherakoei ezin zaiela alkohola saldu. Horrekin batera, Udaltzaingoak kaleko edanak dauden lekuetan nortasun agiria eskatu eta adingabeei alkohola kentzen die. Espedienteak ere zabaltzen ditugu. Udaltzainak, Ertzaintzarekin elkarlanean, garraio publikoaren sarrera nagusiak ere kontrolatzen dituzte –tren eta autobus geltokiak-“, azaldu du Luis Intxauspe alkateak.

Dena dela, “jendartearen kontzientziazioa da garrantzitsuena, eta hori denon ardura da, gurasoena eta heldu guztiena, gu garelako gazteen erreferentzia”, gogorarazi du Intxauspe alkateak.

 

1 2