Berriak

Atzealdea

Harremanak eta loturak izango dira 2019ko udal egutegia osatzeko argazki-lehiaketaren gaiak

Argazkilaritza zaleek badute aitzakia kamera hartu eta inspirazio bila Hernaniko bazterrak miatzeko, 2019ko udal egutegia osatzeko argazki-lehiaketa martxan baitago. Lehiaketaren 3. ekitaldirako gaia honako hauxe da: harremanak eta loturak. Egile bakoitzak gai horrekin lotutako 5 lan aurkeztu ahalko ditu, irailaren 10etik urriaren 5a arte. Irabazleek aukeratutako argazki bakoitzeko 40 euroko eros-txartela jasoko dute Berriak elkarteko saltokietan gastatzeko.

2018·06·13


2019ko udal egutegia osatzeko argazki-lehiaketa abian jarri du Udalak. “Harremanak, loturak” izango da aurtengo lehiaketarako proposatutako gaia.

Gai zabala da eta interpretaziorako oso aberatsa: pertsonen arteko harremanak, eraikinen artekoak, naturaren eta pertsonen arteko loturak, animalien artekoa... Estetikoki ederrak edota sentimenduak pizten dituztenak... Egilearen esku dago gaiak zer iradokitzen dion irudi batean islatzea.

Udal egutegia osatzeko argaki-lehiaketa antolatzen den hirugarren aldia da. Hernani Kuttuna izan zen lehena eta Arkiteknatura, bigarrena. Orain arte gaia irailean jakinarazi bada ere, aurten uda aurretik egitea erabaki da, argazkilaritza zaleek irudiak egin eta aukeratzeko denbora luzeagoa izan dezaten.  

Aurrekoetan bezala, Hernanin kokatuta egon behar dute argazkiek eta irudia laguntzeko izenburu edo deskribapen bat jarri behar da. Egile bakoitzak gehienez 5 argazki aurkeztu ahalko ditu.

Argazkiak aurkezteko epea irailaren 10etik urriaren 5a artekoa izango da. Ohi bezala, HHZn (udaletxearen beheko solairuan dagoen Herritarren Harrera Zentroan), bi gutunazaletan (batean irudiak eta bestean, izen-abizenak eta harremanetarako datuak).

Iaz bezala, irabazleentzat sariak egongo dira: aukeratutako argazki irabazle bakoitzarengatik 40 euroko eros-txartela jasoko du egileak Berriak merkatarien eta ostalarien elkarteko kide diren saltokietan gastatzeko.

Berritasun bat izango da aurtengo lehiaketaren oinarrietan: egile bakoitzak gehienez bi argazki saritu izan dezake. Milaka hernaniarren artean doan banatzen den udal egutegian agertu eta saria jasotzeko aukera ahalik eta jenderik gehienak izatea da muga horren helburua.

San Joanak eta udako oporrak bertan ditugu eta aisialdiaz gozatzeko tarte handiagoa izan ohi dute herritarrek. Argazki kamera hartu eta sormena astintzeko aukera paregabea!

Lehiaketaren oinarriak