Eduki publikatzailea

Atzealdea

“Nik sinesten dizut” mugimenduarekin bat egiten du Hernanik

Azaroak 25 emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna da. Horrekin lotuta, gure jendarteak pairatzen duen arazo larrienetakoari begirada berezia eskaintzen diote mundu osoan. Hernaniko Udalak bat egiten du nazioarteko egun honekin, baita "Nik sinesten dizut" mugimendu sozialak, feministak eta herritarrak berpiztu duten kanpainarekin ere. Era berean, Udalak indarkeria matxistarekin lotuta urte osoan eskaintzen dituen zerbitzuak gogorarazi nahi ditu.

2017·11·25


Emakumeenganako indarkeria gure jendartean pairatzen dugun arazo larrienetakoa da. Mugimendu feministak urteetan zehar egindako lanari eta aldarrikapenei esker, gai hau agenda politikoan eta sozialean sartzea lortu da. Alabaina, oraindik ere lan asko dago egiteko, eta informazioaren aroan bizi bagara ere, oraindik desinformazio asko dago fenomeno honen inguruan.

Indarkeria pairatzen duten emakumeak ez dira profil zehatz batekoak; klase sozial guztietakoak dira, adin ezberdinetakoak, Hernanin zein kanpoan jaiotakoak, eremu ezberdinetan lan egiten dutenak. Eta erasotzaileak ere hemen daude, gure artean; ez dira kanpotik etorritako eta ero dauden gizonak.

Emakume asko indarkeriaren ondorioz isolatu egiten dira, erruduntasun eta lotsa sentimenduak gailentzen dira, eta bizi duten egoerari buelta emateko ingurukoen babesa eta laguntza ezinbestekoa dira. Bereziki inportantea da emakumeen hitza sinestea, kontakizunari sinesgarritasuna ematea; kontatzen digutena zalantzan ez jartzea eta, noski, ez epaitzea.

Hainbat komunikabideek indarkeria matxista jorratu ohi duten modua ez da egokia izaten. Hor dugu Sanferminetako bortxaketaren harira berriki argitaratutako zenbait albiste eta iritzi artikulu; biktima errudun bihurtzeraino ere iritsi dira.

Beraz, gaur inoiz baino beharrezkoagoa da “Nik sinesten dizut” leloarekin bat egitea. Eta txikitatik neskak eta mutilak nola hazten ditugun moduaren inguruan hausnartzea, egunerokoan zein jokaera ditugun pentsatzea eta aldatzen hastea.

Hernaniko Udalak indarkeria matxistarekin lotuta eskaintzen dituen zerbitzuak

  • Zerbitzu sozialetan, etengabeko laguntza

Indarkeria jasaten duten emakumeek edo jasaten ari direnaren ustea badute, Zerbitzu Sozialetara jo dezakete informazio edo laguntza eske. Konfidentzialtasuna erabatekoa da. Gizarte langilearekin hitzordua eskatzeko ez da salaketa jarri beharrik, edozein kezka eta zalantza izanda informazioa nahi izanez gero, lasai eska daiteke hitzordua. Gizarte langileak etengabeko laguntza eta aholkularitza ematen du, baita dauden baliabide ezberdinen inguruko informazioa eta tramiteetan laguntza ere.

  • Udaltzaingoan, larrialdi edo arrisku egoeretan

Larrialdi egoeretan Udaltzaingora jo daiteke, eurak dira lehen arreta egiten dutenak eta beste baliabide batzuen inguruko informazioa ematen dutenak. Indarkeria matxistaren inguruan formazioa jaso zuten gainera pasa den urtean.

  • Berdintasun Sailan eta Berdintasun Kontseiluan, sentsibilizazioa

Urtean zehar hainbat ekimen eta kanpaina martxan jartzen dira jendartea sentsibilizatzeko asmoz. Horrez gain, Emakumeentzako Jabetze Eskola dago. Eskolaren helburua emakumeen ahalduntzean eragitea da, tresna eta baliabideak eskainiz emakumeak bizi duten egoeraren jabe izan daitezen eta konfiantza eta indarra berreskuratu ditzaten euren bizitzetan autonomia eta erabaki gaitasuna izateko.

UDAL ZERBITZUAK:

Zerbitzu Sozialak:
Kontaktua: Silvia Sanchez Miguel (Gizarte langilea)
Hitzordua eskatzeko: 943 557854 /943 557861 (Zerbitzu Sozialak)
Astelehenetik ostiralera 8:00-14:30
Helbidea: Sandiusterri 1.

Berdintasun Saila
Kontaktua: Irantzu Jauregi Artola eta Maialen Apezetxea Lujanbio (Berdintasun teknikariak)
Telefonoa: 943 337017

Udaltzaingoa
Telefonoa:  943 24 89 00
Helbidea: Agustindarren Plaza 6 (1.solairuan)

BESTE ERAKUNDEETAKO ZERBITZUAK:

Ertzaintza
Genero Indarkeriaren Unitatea
Telefonoa: 943 538840 (Hernaniko Ertzain-etxea)
Helbidea: Latsunbe auzoa z/g

Osasun-zentroa, Hernaniko Anbulategia
Arreta: astelehenetik ostiralera: 08:00-20:00
Larrialdiak: astelehenetik ostiralera: 17:00-08:00. Larunbat, igande eta jai egunetan 24 orduz.
Telefonoa: 943 00 66 66
Helbidea: Aristizabal kalea z/g