Berriak
Atzealdea

Hernaniarrok euskara ikasteko 80.332 euroko diru-laguntza eman du Udalak 2017-2018 ikasturtean

2017-2018 ikasturtean 244 herritarri eman dio Udalak euskara ikasteko diru-laguntza. Guztira, 80.332 euro. Diru kopuru horretatik herriko euskaltegietan (Udal Euskaltegia eta AEK) ikasteko 71.181 euro eman ditu eta 9.150 euro, herritik kanpoko euskaltegietan. Euskaltegiko matrikularen %70-90 bitartean finantzatzen du Udalak.

2019·02·27


Aurreko ikasturteko datuekin alderatuta, %8,3ko igoera izan da euskara ikasteko diru-laguntzetan. Herritar bakoitzak, gehienez, 500 euroko diru-laguntza jaso dezake ikasturteko. Euskaltegiko matrikularen %70-90 bitartean itzultzen du Udalak.

Horrekin batera, udal langileak euskalduntzen 3.674 euroko inbertsioa ere egin du Udalak 2017-2018 ikasturtean. Euskara Sailetik, bestalde, begirale/zuzendari ikastaro egitea diruz lagundu dute. 13 lagunek eskatu dute eta 1.708 euroko diru-laguntza eman zaie, matrikularen %30.

Merkatarientzako diru-laguntzei dagokienez, saltokien errotuluak eta ibilgailuen errotuluak euskaraz jartzeko eta webgunea eta programa informatikoak euskaratzeko laguntzak egoten dira. 2017-2018 ikasturtean, 11 saltokik eskatu dute horretarako laguntza eta 4.157 euro eman ditu guztira Euskara Sailak.

Hernanin euskara ikasteko eskaintza zabala
Euskaldundu edota alfabetatu nahi duten hernaniarrek badute aukera zabala herrian bertan egiteko. Udal euskaltegian zein AEKko euskaltegian ikasturte osoko aurrez aurreko ikastaroak zein udako ikastaroak eskaintzen dituzte, ordutegi eta maiztasun desberdinak aukeran.

Udal euskaltegian, esaterako, goizeko 9:00etatik iluntzeko 21:00ak arte egoten dira ikastaroak, astean 2 edo 4 egunetan. Horretaz gain, autoikaskuntza ere eskuragai dago. Barnetegiak, txangoak, bisitak eta kafe tertuliak ere antolatzen dituzte euskara gelatik kanpo praktikatu ahal izateko.

AEKko euskaltegian ere goizetik iluntzera bitarteko ikastaro presentzialak daude aukeran, 2, 3 eta 4 egunekoak. Hemen ere autoikaskuntza eskaintzen dute, baita barnetegiak eta udako ikastaroak ere. Euskara praktikatzeko Mintzalagun eta Gurasolagun izeneko taldeak ere antolatzen dituzte.

Itzulpen maleta
Herriko eragileek antolatzen dituzten ekitaldietan euskara sustatzeko asmoz, itzulpen maleta bat jartzen du Udalak haien eskura. Modu horretan, ekitaldiak euskara hutsean egin daitezke, eta gazteleraz soilik ulertzen duten pertsonek ere parte har dezakete.
2018an, 24 saiotan erabili zen itzulpen maleta: Udalak antolatutako 10 saiotan eta herriko eragileek antolatutako 14tan. Guztira, 737 parte-hartzaile izan ziren ekitaldi horietan; horietako 68k erabili zuten itzulpena (%9). Itzulpen maleta erabili nahi duenak aurretik Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jarri behar du (euskara@hernani.eus).