Berriak

Atzealdea

Hernaniko ondarea, artxiboko kobazulotik sarera

Udal Artxiboan dagoen materiala bildu eta sailkatu ondoren sarean jarri du Udalak. Lan horri esker, herriko ondarea -kultura, arkitektura, natura, historia- herritarren eskura dago orain, edonork modu errazean kontsultatu ahal izan dezan.

2018·11·28


Hernaniko ondarea -historikoa, arkitektonikoa, naturala eta kulturala- webgune batean bildu du Udalak. Digitalidadea enpresa arduratu da, Udal Artxiboko teknikariarekin elkarlanean, eduki horiek guztiak bildu, sailkatu eta sarean kontsultatzeko moduan jartzeaz.  Emaitza ondarea.hernani.eus helbidean ikus daiteke.

Ondare materiala eta inmateriala azaltzen dira webgunean: argitalpenak, ahozko elkarrizketen grabazioak, multimedia edukiak, baserrien eta monumentuen fitxak... Eduki asko dago egun, baina hau abiapuntua besterik ez dela ohartarazi du Koro Etxeberria Kultura zinegotziak. “Ondarea bizia da eta modu berean bizia da hori jasotzen duen webgunea, etengabe aldatu eta osatu beharko dugu”.

Horretan lagungarria izango da Hernaniko ondarearen inguruan ikerketa lan bat egiteko Udalak emango duen beka. 8.000 euroko diru-laguntza da kultur ondarea aztertzeko helburuz. Eskaerak egiteko epea irekita dago abenduaren 23 arte.