Eduki publikatzailea

Atzealdea

Karabel auzoko saneamendu-sistema birmoldatzeko eta urbanizatzeko lankidetza hitzarmena sinatu da

Añarbeko Urak-ekin sinatutako hitzarmen honi esker Karabelgo ponpatze-estazioa kendu egingo da eta auzoko zerbitzuak, itxura eta bizi-kalitatea nabarmen hobetuko dira

2017·07·19


Hernaniko Alkate den Luis Intxauspe Arozamenak eta Añarbeko Uren Mankomunitateko Presidente den Maije Zelaia Egigurenek, lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Karabel auzoko saneamendu-sistema birmoldatzeko eta urbanizatzeko. Horri esker, 1987. urtean eraikitako zubi azpiko Karabel HUPE (hondakin-uren ponpatze-estazioa) kendu egingo da.

Urbanizatze-lan horiei esker Karabel kalea oinezkoentzat izango da, baimendutako ibilgailuek izango dute soilik pasatzeko aukera eta Karabel eta Landare arteko trafikoa lezoiaren gaineko bide berritik joango da. Horrek guztiak inguruko espazio publikoa hobetuko du: zuhaitz arteko oinezkoen pasealeku berri bat egongo da Karabelgo zubiaren eta erdigunera daraman igogailuaren artean, bidegorri berri bat egingo da eta zolak, hiriko altzariak eta zerbitzuak berrituko dira. Guzti horri esker, auzo honetako zerbitzuak, itxura eta bizi-kalitatea hobetuko dira.

Bestalde, saneamendu-sare berri bati esker auzoko eraikinetako hondakin-ur gehienak Urumeako kolektorera -eta, hortaz, Loiolako araztegira- bideratuko dira grabitatez. Gainontzeko hondakin-urak, berriz, udalarena izango den ponpatze-estazio txiki eta efizienteago baten bidez izango dira kanporatuak. Azkenik, edateko uraren hornidura-sarea ere handitu egingo da, sare itxura emango zaio eta horrela hornidura bermatua egongo da.

Obrak jada lizitazio fasean daude, 678.000 euroko aurrekontua eta 6 hilabeteko gauzatze-epea dute. Hernaniko Udalaren eta Añarbeko Urak-en artean finantzatuko dira, %60 eta 40ean, hurrenez hurren.