Berriak

Atzealdea

Udal gobernuaren jardunaren balorazio ona egiten dute herritarrek

Udal zerbitzuen eta politiken inguruko inkesta egin zaie hernaniarrei. Inkestaren emaitzek erakusten dutenez, balorazio positiboa egiten du gehiengo batek. Kezkak ere azaldu dituzte: oro har aparkaleku falta, txotx garaian eta hondakinen kudeaketan sortzen diren arazoak dira aipatuenak. Gai sozialetan egiten diren politikak, elkarbizitza, kultur anitztasuna eta bizi kalitatea, ordea, ondo edo oso ondo baloratzen dituzte hernaniarrek.

2018·10·22


  • Udal zerbitzuen eta politiken inguruko inkestaren emaitzen arabera, zerbitzu sozialetan, parte-hartzean eta berdintasun politiketan asmatzen du gehien Udal Gobernuak. Sustapen ekonomikoari buruzko politikek dute ezagutza eta baloraziorik txikiena.
  • Elkarbizitza, kultur aniztasuna eta bizi kalitatea ona edo oso ona dela uste dute %80tik gorako herritarrek.

Hernanin bizi diren 18 urtetik gorako 600 laguni egin die inkesta Aztiker Soziologia Ikerguneak Udalaren aginduz. Inkestatutako pertsonetatik %52,9 emakumezkoak dira eta %47,1, gizonezkoak. Euskara gaitasunari dagokionez, %53,2 euskalduna da, %21 gaztelera hiztuna eta %25k euskaraz ulertu bai baina nekez hitz egiten du.

Udal Gobernuaren helburua da herritarrek dituzten kezkak, Udalean egiten diren programak, ekintzak eta politikak zein harrera duten ezagutzea. Modu horretan, egon daitezkeen hutsuneak antzeman daitezke eta hobetzeko bideak aztertu.

Udalaren jardunak balorazio ona duela ondorioztatzen da inkestaren emaitzak ikusita. Gazteek ematen dute baloraziorik onena eta 45 urtetik gorako jendea da kritikoena. Herritarren iritziz, zerbitzu sozialetan, parte-hartzean eta berdintasun politikan asmatzen du gehien bat Udal Gobernuak, eta ez dute horren ondo baloratzen ekonomia sustatzeko daraman politika. Hau ezagutza mailarekin lotuta dago. Gai sozialetan egiten diren proiektuak nahiko ezagunak dira, eta tokiko garapenean egiten direnak, ostera, oso gutxik ezagutzen dituzte.

Aparkaleku falta, trafikoa, txotx garaian sortzen diren arazoak eta hondakinen kudeaketa dira gehien azaltzen diren kezkak. Aparkaleku gehiago jartzea, garraio publikoa hobetzea (kotxearen erabilera murrizteko), bizilagunen atsedena bermatzeko neurriak zorroztea dira arazo horiei aurre egiteko proposatzen diren neurrietako batzuk. Hondakinei dagokienez, herritar asko zikinkeriaz kexu dira, herritar batzuk ez dutelako ondo birziklatzen, eta kontrol gehiago jartzeko eskatzen dute.

Hernaniko arazo nagusiak zeintzuk diren galdetuta, herritarren %30,6k aparkaleku falta erantzun du. %9,7k trafikoa, %6,4k lan merkatuari lotutako gaiak eta %6,1k herriaren garbitasuna. Etxebizitza, garraio publikoa eta segurtasun falta ere azaltzen dira baina portzentaia txikiagoan. Aipatzekoa da etxebizitzen gaia: orokorrean %4,4k soilik arazo gisa aipatu duen arren, 19-29 urte bitartekoentzat aparkaleku arazoarekin batera gehien azaltzen den kezka da (%20,5).

Kezka pertsonal nagusiez ere galdetu zieten herritarrei: aparkaleku falta azaltzen da lehen postuan (%19,6); txotx garaiak sortzen dituen arazoak bigarren postuan (%15,8), hondakinen bilketarekin lotutako arazoak (%11,3) eta azpiegitura publikoak eta hauen egoera (%10,9). Atzetik doaz trafikoari lotutako arazoak (%7,8), lana-enplegua eta egoera ekonomikoa (%7,3).

Elkarbizitza. Egungo egoera oso ona edo ona dela uste dute %82,8k; eta azken lau urteotan egoera hobetu dela ere uste du gehiengo zabal batek (%84,5).

Kultur aniztasuna ondo edo oso ondo ikusten du %80k. Azken lau urteotan egoerak berdin jarraitu edo hobetu dela uste dute %81,2k.

Herrian dagoen bizi kalitatea ere ondo baloratuta dago (%79,9). Azken lau urteotako bilakaerari dagokionez, berdin dagoela uste du %54,6k eta hobera egin duela %26,6k.
Pobrezian egon daitezkeen familien egoerak kezkatzen ditu hernaniarrak. Familia hauentzat egoera erdipurdikoa edo txarra dela esan dute %46,8k eta azken lau urteotan egoerak berdin jarraitzen duela edo okerrago uste dute gehienek.

Udal Gobernuaren jardunari buruzko iritzia ere eman dute hernaniarrek. Hernaniko arazoak konpontzen ari dela eta badaki nola konpondu baina denbora gehiago behar duela erantzun dute galdetutako %53,5k. Gazteak dira udal gobernuarengan konfiantza gehien daukatenak.

Oposizioaz ere galdetu zaie hernaniarrei. %16,8k uste du arazoak konpontzeko proposamenak egiten laguntzen duela eta %37,2ren iritziz, Gobernuari kritikak eta oztopoak jartzen dizkio. %40,6k erantzun du ez dakiela.

Norberarentzat garrantzitsuak diren gaiak (1) eta Gobernuak gai horietan egiten duen kudeaketa (2).

(1) Inkestatuei gai batzuk jarri eta 0 eta 10 puntu arteko nota jartzea eskatu zaie. Diru publikoaren kudeaketari 9ko garrantzia eman diote eta zerbitzu sozialei 8,9. Ingurumen zaintzak, berdintasunak, adineko pertsonekiko politikak, enpleguak eta jarduera ekonomikoak (8tik gorako puntuazioa jaso dute). Gazte politikak eta parte-hartzeak puntuazio baxuxeagoa jaso dute (7,9).

(2) Gobernua gai horietan egiten ari den kudeaketa ere baloratu dute herritarrek. Zerbitzu sozialek eta berdintasun politikak jaso dute baloraziorik altuena (7,1). Parte-hartzea, ingurumenaren zaintza, adineko pertsonekiko politika, diru publikoaren gestioa eta gazte politika arloetan gobernuak egiten duen kudeaketak 6,5 eta 6,9 bitarteko nota jaso du. Gazte politikari dagokionez, aipatzekoa da gazteen artean duela baloraziorik onena (%61k oso ona dela esan baitu). Enplegua eta jarduera ekonomikoaren sustapenak jaso du notarik baxuena (6). Hala ere, gai garrantzitsu guztietan 6tik gorako nota jaso du Udal Gobernuak.

Parte-hartzea. Udalak egin dituen eta urtero egiten dituen parte-hartze prozesuak nahiko ezagunak dira, bereziki aurrekontu parte-hartzaileak dira ezagunak (%40k ditu horien berri eta ezagutzen dutenen %39,2k parte hartzen hartzen du). Balorazioa 7,3koa da (gazteek 8 bat eman diote).

Udal Gobernuaren balorazioa. Horrekin lotuta, udal Gobernuaren ezaugarri batzuk ere baloratu dituzte hernaniarrek. %48,4k zintzotasunez jokatzen duela esan du. Gestiorako gaitasuna ere ona duela esan du %45,1k. Akordioak lortzeko gaitasuna da baloraziorik txikiena lortzen duena. Gazteek ematen diote notarik altuena gai guztietan.

Balorazio orokorrari dagokionez, herritarrek %56,8k oso balorazio ona eman diote (gazteen %80,4k). 18-29 urte bitartekoak dira notarik altuena ematen diotena (7,2) eta 30 eta 44 urte bitartekoak dira kritikoenak (6,2).

Txosten osoa