Eduki publikatzailea

Atzealdea

Ikusmen murriztua duten pertsonen aldeko kanpainarekin bat egin du Udalak

2
"Ikusmen murriztua dut. Nik kontuan dut", dioten pankartak, kartelak eta pegatinak jarrita daude Hernaniko udal eraikinetan. Horien helburua da hernaniarrek ikusmen murriztua duten pertsonen arazoen berri izan dezaten eta pertsona horiekin behar bezala joka dezaten. "Arazorik dugunik ez zaigu nabaritzen eta gure jokaerak arraro ikusten dituzte askok", azaldu du Amaia Gereñuk, Retinosis Gipuzkoa Begisare elkarteko kideak. Gaur, asteartea, 19:00etan, hitzaldia eskainiko dute Biterin.

2017·10·09


Ostegunean, urriak 12, Ikusmenaren Nazioarteko Eguna izango da. Hori dela eta, Retinosis Gipuzkoa Begisarek kanpaina bat abiatu du herritarrak haien gaixotasunarekin sentsibilizatu nahian.

Ikusmen arazoak dituzte, baina ez dira itsuak. Batzutan, leku ezezagunetan, makil zuria eramaten dituzte; ezagunak dituzten lekuetan, ostera, makilik gabe moldatzeko gai dira. Begietan ez zaie antzematen gaixotasunik dutenik, askok betaurrekoak ere ez dituzte erabiltzen, eta horrek gaizki-ulertuak sortarazten ditu, jendeak ez baitu antzematen inolako arazorik dutenik. 

Horretarako sortu dute "Ikusmen murriztua dut" bereizgarria, denek jakin dezaten, itsuak ez direla, baina ikusmen arazoak dituztela. Eta udalen laguntza eskatzen ari dira bereizgarri hori ezaguna izan dadin, herritarrek identifika dezaten eta, modu horretan, haien interakzio soziala errazagoa izan dadin.

Hernaniko Udalak kanpainarekin bat egin du eta udal eraikinetan kartelak, pegatinak eta lonak jarri ditu ikusmen murriztua duten pertsonen integrazioan lagundu nahian.

 

1 2