Berriak

Atzealdea

Indarkeria matxista kasuetan eskura dauden baliabideak eta zerbitzuak gida batean bildu ditu Udalak

Indarkeria matxistaren kasuetan askotarikoak dira eskura dauden zerbitzuak eta horiek eskaintzen dituzten erakundeak. Gaur aurkeztu den gidan azaltzen dira zeintzuk diren zerbitzu horiek eta non eta nola eska daitezkeen. Gidan azaltzen da zer den indarkeria matxista (sexu erasoa ez baita indarkeria adierazpide bakarra) eta nora jo behar duen indarkeria matxista zuzenean jasaten duen emakumeak, baita indarkeria ikusi edo antzematen duten pertsonek ere.

2018·11·29


Udal ordezkariek eta teknikariek aurkeztu duten zerbitzu eta baliabideen gida hau da 2016an hasitako elkarlan baten ondorioa. Orduan jarri zen martxan Erakunde Arteko II. Jarduketa eta Koordinazio Protokoloa. Protokolo hura sortu zen indarkeria matxista jasan eta jasaten duten emakumeei arreta hobea emateko xedez. Gaur aurkeztu den gida elkarlan horren emaitza herritarren eskura modu errazean jartzeko tresna da.

Gidaren edukia Hernaniko Udaleko Berdintasun Arloak eta Zerbitzu Sozialek landu dute Elhuyar Aholkularitzaren lagutzarkin, protokoloaren Mahai Teknikoan parte hartzen duten beste eragileekin adostu ondoren (Ertzaintza, Osakidetza eta Udaltzaingoa). Gidaren edukia azaldu dute Berdintasun Arloko udal teknikari Maialen Apezetxeak eta Zerbitzu Sozialetako presidente Xabier Lertxundik.

Zerbitzuak eta baliabideak
Hernanin bertan, Zerbitzu Sozialak, Berdintasun Arloa, Udaltzaingoa, osasun zentroa eta erizain zentroa dira indarkeria matxistaren kasuetan zerbitzuren bat edo beste eskaintzen duten arloak. Hernanitik kanpo Sos Deiak, Donostiako Ospitalea, Gizarte Larrialdietarako Foru Zerbitzua, Biktimari Laguntzeko Zerbitzua eta Genero Inarkeriaren Biktimei Laguntzeko Telefono Bidezko Zerbitzu Espezializatua ere artatzen dituzte kasu hauek. Baliabide horiek guztiak berehalakoak, doakoak, konfidentzialak eta anonimoak dira.

Gida, momentuz, lau hizkuntzetan dago eskuragai (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta errumanieraz. Ingelesezko eta arabierazko bertsioa lantzen ari dira eta laster eskuratu ahalko dira). Gidak webgunean argitaratuta daude eta paperean udal egoitzetan, Ertzaintzan eta osasun zentroan egongo dira.