Berriak

Atzealdea

Nerabeek badute natura-jolasgune berria Karabelen

2
Hernanik badu jolas parke berri bat, Karabel auzoan, Urumea ibaiaren ondoan. Ez da, baina, ohiko hiri parke bat, 8-11 urte bitarteko haurren irudimenetik eta nahien arabera sortutako parkea baizik.

2018·07·13


Karabel auzoko urbanizazio berriarekin batera, errekaren ondoko gunean jolas parke bat egitea aurreikusten zen. Nolako parkea izango zen erabiltzaileek beraiek erabakitzea egokiena izango zela pentsatu zuen Udalak.

2016an, Karabel auzoko 8-11 urte bitarteko haurrekin parte-hartze saio batzuk egin ziren, eta tailer horietan haurrek adierazi zituzten nahiak eta beharrak aintzat hartuta egin da parke berria.

Ibaiaren ertza eta zuhaizti txiki baten inguruan sortutako parkean tirolina, saredun zabua, egurrezko etxola eta hodi itxurako txirrista daude, haurrek beraiek aukeratuta bezala. Lurrean, hondarra, belarra eta pinu azalak, abenturarako gonbita egiten dutenak. Izena ere umeek beraiek proposatu dute: Errota Parkea, han bertan egon zen errotaren oroimenez.

Haien irudimeneko parke egi bihurtu da eta Karabelgo haurrek, bereziki, baina gainontzeko hernaniar guztiek ere, goza dezakete dagoeneko.

1 2