Berriak
Atzealdea

Kiroldegiko sistema termikoa erabat berriztagarria izateko bidean beste urrats bat

1
Kiroldegian obra egin zenean, igerilekuak handitzearekin batera, instalazio termikoa ere aldatu zen. Hortaz, biomasa (berriztagarria) galdara batek osatu zuen gasa (erregai fosila) erabiltzen zuen sistema zaharra. 2014tik hona kontsumoak izan duen eboluzioa aztertu du Udalak eta bi ondorio nagusi atera ditu: egun biomasak kontsumo termikoaren %90 kubritzen duela eta energiaren kontsumoa murriztu dela. Sistema erabat berriztagarria izateko helburuz, inbertsio bat egingo du Udalak eraikinaren teilatuan dauden eguzki panel termikoen funtzionamendua optimizatzeko, eta biomasa galdararen ahalmena osatzeko.

2019·05·22


Joan zen 2016-2017an udal kiroldegian eta, bereziki, igerilekuetan, berritze lanak egin ziren. Igerilekuak handitu ez ezik, instalazio termikoa ere aldatu zen. Udalak energia berriztagarrien aldeko apustua egin, eta biomasa galdara jarri zen. Obra egin aurretik, gasa zen erregai nagusia. Hobekuntzak egin ziren, gainera, energia termikoaren eskari eta ekoizpenen kudeaketan, eta igerilekuetako uraren beroa errekuperatzen da.

Udalak, Energia Jasangarriaren Planaren barruan, udal eraikinen energia kontsumoaren kontrola egiten du, eta kiroldegiaren jarraipen analisia amaitu berri du. Hartara, 2014 eta 2018 urte arteko kontsumoak alderatuta, ondorioztatu da energiaren kontsumoa murriztu dela. 2015ean, esaterako,  ia 1.200 MWh  kontsumitu ziren (gasa zen erregai nagusia) eta 2018an, ostera, 900 MWh inguru (horietatik 800 bat biomasarekin sortuak). Aintzat hartu behar da igerilekuak handitu direla eta, hortaz, berotzeko ur gehiago ere badagoela.

Kontsumoa jaisteaz gain, kiroldegiko ura berotzeko gehienbat energia berriztagarria erabiltzen da orain (%95). Gasaren kontsumoa %5era jaitsi da. Fakturan ere aurreztu da, biomasa gasa baino merkeagoa baita.

Eguzki plaketan inbertsioa kontsumo osoa berriztagarria izan dadin
Kiroldegiaren teilatuan eguzki plakak daude, baina egun ez da optimizatzen horien erabilera. Azterketa egin duten adituen ustez, plaken produkzioa hobetu daiteke inbertsio txiki bat eginda. Horrela, interbentzio hori egingo da eta, horri esker, gasaren erabilera gutxienetara jaitsiko litzateke. Kiroldegiko sistema termiko osoa, beraz, oro har energia berriztagarrien bidez funtzionatuko luke horrela.

1