Eduki publikatzailea

Atzealdea

Lidl supermerkatuak Hernanin zerbitzua euskaraz emateko konpromisoa hartu du

Lidl-ek saltoki berria irekiko du datorren astean Hernanin, Galarreta eremuan. Hernaniko Udalak, euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko asmoz, hitzarmen bat sinatu du enpresarekin. Bezeroei arreta euskaraz ematen bermatzea eta paisaian -kartelak, seinaleak, idatziak- ere euskarak beste hizkuntzek duten presentzia izatea dira hitzarmenaren bi ardatz nagusiak.

2017·10·12


Hauek dira Lidlek hartzen dituen konpromiso nagusiak:

-Langileen hizkuntza gaitasuna
Herritarrekin harreman zuzenean dauden langileek gauza izan behar dute herritarrei euskarazko arreta emateko. Horretarako, Lidl-ek kontuan hartuko du betebehar hori Hernaniko dendarako langileak hautatzeko garaian.

-Hizkuntza paisajea
Merkatalgunearen barnean nahiz kanpo aldean dauden errotulu, seinale, panel eta herritarrentzako informaziozkoak diren gainerako elementu finko nahiz aldagarrietan euskararen presentzia, gutxienez, beste hizkuntzen maila berekoa izatea. Herritarrentzako prestatuta dauden erreklamazio orri, ohar eta gainerako elementu idatzietan euskararen presentzia, gutxienez, beste hizkuntzen maila berekoa izatea.

-Udalarekiko harreman-hizkuntza
Herritarrekiko harreman-hizkuntzaz gain, euskaraz bizi den administrazioa denez Hernaniko Udala, gurekiko harremana euskaraz gauzatu dadin ere nahi genuke. Horretarako, gure nahia da Udalarekiko harremanez arduratuko den pertsona euskalduna izatea, ahal den neurrian, gurekiko ahozko nahiz idatzizko komunikazioa euskaraz gauzatu dadin.

Hernaniko Udalak, Udaleko Euskara Zerbitzuaren bidez, aholkularitza zerbitzua eskainiko dio Lidl enpresari, hala behar izanez gero, plana aurrera eramateko. Halaber, Udalak planari jarraipena egingo dio eta, horretarako, gutxienez, urtean behin bilera bat egingo du enpresako arduradunekin.