Berriak
Atzealdea

Herriko dendak kontsumo ohitura berriei egokitzeko plana lantzen ari dira Udala eta Berriak Elkartea

Hernaniko Udala, Berriak Merkatarien Elkartearekin eta Eskualdeko Merkataritza Bulego Teknikoarekin elkarlanean, Hernaniko Merkataritzaren Ekintza Plana lantzen ari da. Herriko merkataritza sustatu eta horren biziraupena bermatzea du erronka plan estrategiko horrek. Aurkezpenean Luis Intxauspe Hernaniko alkatea eta Mertxe Jimenez Berriak Elkarteko ordezkaria izan dira.

2019·01·17


Berriak Merkatarien eta Ostalarien Elkarteko ordezkari Mertxe Jimenezek gogorarazi duenez, merkataritza sektorearen aspaldiko eskaera zen horrelako plan bat egitea, “gure sektorearen egoera zehatza eta kontsumo ohiturak ezagutzea funtsezkoa baita kontsumitzaileen behar horietara egokitu ahal izateko”.  

Ikertalde aholkularitza enpresa gidatzen ari da plana osatzeko prozesua, eta bertako adituak merkataritza arloko herriko eragileen zein kontsumitzaileen parte-hartzearekin egiten ari dira lan.

Plana osatzeko lehenengo pausoa da Hernaniko egoera aztertzea: zeintzuk diren merkataritzaren ezaugarriak -alde positiboak, hutsuneak...- azken urteotan nolako bilakaera izan duen, zeintzu saltoki-gune nagusi dauden herrian, herriak zenbateko potentziala duen, zeintzuk diren hernaniarren kontsumo ohiturak...

Diagnostiko horretarako behar duten informazioa lortzeko bilerak eta kontsultak egiten hasi dira jadanik, bai merkatariekin, bai Udal ordezkari eta teknikariekin, eta kontsumitzaileen informazioa lortzeko, ordea, inkestak egiten hasiko dira laster.

Plan Estrategiko honek ahalbidetuko du herriko merkataritzaren argazki zehatz bat izatea eta, hori oinarri hartuta, proposamenak egingo dituzte. Proposamen horiek bi helburu izango dituzte:
    • Herriko saltokien eskaintza eta kalitatea hobetzea
    • Herriko merkataritza kontsumitzaileen egungo ohiturei eta eskakizunei egokitzea

Plan horrek markatuko ditu Udalak eta merkatariek etorkizunean eramango duten norabidea eta estrategia, eta horiek lortze aldera ekintza zehatzak ere proposatuko ditu.

Halaber, Plan Estrategikoak ateak zabalduko dizkie, bai Udalari bai merkatarien elkarteari, proiektuak Hirigune programaren diru-laguntzetara aurkezteko. Hirigune Eusko Jaurlaritzaren programa bat da, hiri merkataritza dinamizatzeko helburua du eta urtero helburu hori duten ekintzak eta aktuazioak finantzatzeko diru-laguntzak ateratzen ditu.

Ikertaldek proposatutako ikuspegia
Hernaniko identitate berezia aprobetxatu merkataritza eredu berezia eskaintzeko.
Identitate sozioekonomiko propio eta berezituaren ezaugarriak:
    • Jasangarritasuna: ingurumen, gizarte eta ekonomia eredua.
    • Herriko erabakietan herritarren partaidetza eredua.
    • Euskal kulturak eta euskarak herrian garrantzia duten elementuak dira eta hori merkataritzan ere islatzea eta sustatzea.

Horretan oinarrituta, zenolako merkataritza proposatzen da:
    • Proiektua bertako kontsumoaren sustengura eta fidelizaziora bideratzea
    • Hernaniko komunitatearen ikuspegia indartzea
    • Slow commerce kontzeptua lantzea: produktuaren balioa (bertakoa, ekoizpen jasangarria duten produktuak, lehen sektorearekin lanketa...).

Plan parte-hartzailea
Nabarmentzekoa da plan estrategikoa osatzeko erabiltzen ari den metodologia. Herriko merkataritzaren argazkia ahalik eta zehatzena izateko sektorearen eragile nagusiekin batera osatzen ari da diagnostikoa. Planaren garapenak ere eragile guztiak kontuan hartzen ditu. Horretarako, Merkataritza Mahaia, Merkatarien Elkartea -Berriak- eta Merkataritza Bulego Teknikoa (Beterri eskualdekoa) egongo dira planaren garapen prozesu osoan zehar.

Lanketa sozializatzeko tresnak ere aurreikusten dira: webgunea (prozesu osoaren jarraipena egin eta ekarpenak egiteko aukera eskainiko duen tresna), herritarrei inkestak (saltokietan, kalean), merkatariei inkestak...