Berriak
Atzealdea

Azken bi mendeotan Hernanin izandako migrazioak aztergai Oroimen Historikoari buruzko aurtengo jardunaldietan

Oroimen historikoa berreskuratuz, 2018: Migrazioak «Hernanitik Hernanira migranteak» da aurtengo jardunaldien izenburua. 2018ko abenduaren 17tik 20ra, gai horren inguruan sakontzeko aukera izango da Hernanin.

2018·12·13


“Migrazioak hartu dugu hizpide, gaurtasun gordineko fenomeno hori izanda ere, ez delako fenomeno berria, ez da orain sortua, betidanik egon da migrazioa Hernanin eta Euskal Herrian”, esan du Koro Etxeberria Kultura zinegotziak.

“Migrazioak gehienetan pertsonekiko edo herriekiko injustizia sozial eta zapalketarekin zerikusia izan ohi du; gerra, gosea, langabezia, errepresio sexuala, baliabide ekonomikoen lapurreta eta heriotzetik ihes egiteko helburua izan ohi dute pertsonen mugimenduek. Batzutan hartzaileak izan gara, beste batzutan, esportatzaileak”, adierazi du Etxeberriak.

Hartara, migrazioaren oroimen historikoa berreskuratu nahian, XIX. Eta XX. mendeetako mugimenduak eta horien arrazoiak hizpide izango dira jardunaldietan. “Ikuspuntu desberdinetatik, gainera, argazki historikoen erakusketa baten bidez, hitzaldien bidez, eta antzezlan baten bidez”, azaldu du Kultura zinegotziak.

Txuso Gomez Udal Artxiboko teknikariak azaldu du zergatik aukeratu den aurtengo jardunaldietarako migrazioaren gaia. “Historikoki, Euskal Herriko jendartea biztanleriaren esportatzailetzat definitua izan da, XX. mendera arte. XX. mendearen hasieratik 1975era arte, Euskal Herria, Gipuzkoa, Hernani… populazioren “hartzaile” gune bihurtzen dira. Horrek berekin dakartza ondorio demografikoak, sozialak, urbanistikoak, kulturalak… XX. mendeko azken hereneko eta, ondorioz, egungo gizartea itxuratzen dituztenak”.

Hori dela eta, “Hernaniko jendarteak XIX–XX. mendeetan zehar bizitako migrazio-fenomeno horiek memoriatik berreskuratu nahi izan ditugu”, erantsi du Gomezek.

2018ko abenduaren 17an, arratsaldeko 19:30ean Joseba Etxarrik “Euskaldunak, emigrante / Los vascos, un pueblo emigrante” hitzaldia eskainiko du. Joseba Etxarri Lizeaga kazetaria da, euskal diasporan espezializatua. Hogeita hamar urtetik gora daramatza harremanetan munduko euskal etxe eta komunitateekin, euren berri emanez eta lankidetza proiektuetan. Diasporarekin engaiatua, bere jardunak Euskal Herriak bere diaspora ezagutzea eta errekonozitzea dauka helburu. Zubilan horretan lau kontinenteetako euskaldunak bisitatu izan ditu, ehundaka elkarrizketa egin eta irratian, telebistan, prentsa idatzian eta interneten arituta. 2001etik EuskalKultura.com buletineko zuzendari da, eta Baionako Herria kazetako asteroko idazle.

Hurrengo egunean, abenduak 18 (19:30), “Extremaduratik bertsolaritzara, integrazio istorio bat” hitzaldia emango du guztion ezaguna den Jon Maia bertsolariak: Francoren diktadurapean milaka eta milaka etorkin iritsi ziren Euskal Herrira. Integrazioa, identitatea, hizkuntza... gai gatazkatsuak izan dira kultura desberdinen artean. Horietaz eta bere familiaren esperientziaz hitz egingo du Jon Maiak.

Asteazkenean, abenduak 20 (20:00), “Migrazioak. Joan-etorriko irudiak / Migraciones. Imágenes de ida y vuelta” erakusketaren inaugurazio ekitaldia izango da. Hernaniko gizarteak XIX–XX. mendeetan zehar bizitutako migrazio-fenomenoak, irudi eta testuen bidez, ezagutzera ematen da, bereziki, XIX–XX. mendeetan Ameriketara joandako hernaniar batzuen erreferentziak, eta XX. mendean zehar Hernanira etorritakoen informazioa eta datu estatistikoak. Erakusketa abenduaren 17tik 2019ko urtarrilaren 5era arte ikus ahal izango da, Biteri kultur etxean (18:00-20:00).

Eta bukatzeko, “Ligeros de equipaje” (VIRIDIANA Centro de Producción Teatral)  antzezlana  ikusteko aukera izango da abenduaren 20an (Biteri Kultur Etxea, 20:00, gazteleraz). 1936-1939ra bitartean, Frantzia aldera ihes egiten zuten milaka eta milaka errepublikarren testigantzekin eta oroitzapenekin kontakizun antzeztua osatzen du Huescako konpainiak.
Emanaldia doakoa da.

Egitaraua / Programa