Berriak
Atzealdea

Udaberriarekin batera, gorputza astintzeko aukera paregabea izango dute 12 eta 17 urte bitartekoek

Orotara, sei ikastaro antolatu ditu Udalak: piraguismoa, eskalada, parkour, erremontea, irristaketa eta scooter. Izen-ematea Hernaniko Gaztelekuan (asteartetik ostegunera 17:00etatik 20:00etara) edo kiroldegian egin daiteke. Hernani Erabaki aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan egindako eskaera bati erantzun dio horrela Udalak.

2019·04·15


Hernaniko Udalak sei ikastaro antolatu ditu 2002 eta 2007 urteen artean jaiotako nerabeentzat. Ikastaro guztiak iraupen motzekoak dira, eta 10 €-ko prezioa dute, baina saio guztietan parte hartzen duen gazteari osorik itzuliko zaio matrikula-tasa.  

Ikastaroak diziplina ezberdinak probatu eta zaletasunak piztu edo praktikatzeko helburuz sortuak dira. Eskainiko diren ikastaroak honakoak dira: piraguismoa, eskalada, parkour, erremontea, irristaketa eta scooter izango dira. Izen-ematea Hernaniko Gaztelekuan (asteartetik ostegunera 17:00etatik 20:00etara) edo Kiroldegian egin daiteke.

2019 urtean bi eskaintza egongo dira, bata orain, udaberrian eta, bestea, udazkenean. Eskaintza herriko ikastetxeetan egin zen inkesta baten emaitzetan oinarritua egin da. Gainera, herriko hainbat elkarteekin elkarlanean osatu da eskaintza.

Hernaniko Udalak Hernani Erabaki aurrekontu parte-hartzaile prozesuaren eskaera bati erantzunez antolatu du eskaintza. Nerabeei zuzendutako kirol eskaintza ez konpetitiboa indartzea proposatu zen bertan eta udaberriko eta udazkeneko jarduera fisiko eta kirol eskaintza horretara bideratua dago.

Kirol ikastaroen eskuorria.