Berriak
Atzealdea

12 eta 17 urteko gazteei zuzendutako hainbat ekintza udarako

Gazte su festa, Scooter jaialdia, surf, eskalada, irristaketa edota piragua ikastaroak, sormena lantzeko ikastaroa, besteak beste, antolatu ditu Gazteria Sailak udan nerabeak aktibatzeko. Parte hartu nahi duenak aurretik izena eman behar du Gaztelekuan. Hernani Erabaki parte-hartze prozesuan erabakitako proposamena izan zen nerabeentzako ekintzak indartzea.

2019·06·17


Hernaniko Udalak herriko 12 eta 17 urteko gazteei zuzendutako hainbat ekintza antolatu ditu udarako. Horietako hainbat ekintza Hernani Erabakiren proposamenetan jasotakoak dira.

San Joan jaiak ate joka ditugu eta Hernaniko Gaztelekuak eta Kale Hezitzaileek Gazte Su Festa antolatu dute. Ekainaren 21ean izango da eta udarari ongietorria egin eta jaietarako motorrak berotzen hasiko dira. DJ tailerra, zinta karrera, Aerorunba eta sari banaketa izango dira. Grafiti koloretsu bat egiteko aukera izango dute bertaratzen diren gazteek; Saioa Garcia Rodriguez graffitilariaren sprayek bideratuko dute saioa. Dena jai giroan, gorputza astindu eta parkeaz gozatzeko.

Ekainaren 25ean, San Joanak 2019 programaren barruan, Scooter jaialdia izango da Skate Parkean. Gipuzkoako Scooter onenak inguratuko dira erakustaldia egitera. Gainera, jaialdian zehar,  bi tailer eskainiko dituzte, bata scooterarekin nola jardun ikasteko eta bestea scooterraren mekanika eta konponketa hastapenetarako. Scooter jaialdian sari banaketa ere izango da skate parkean jauzi eta bira ikusgarriak sarituko dira.

Uztailean eskaintza bikoitza prestatu da herriko nerabeentzat. Alde batetik, Hernaniko Gaztelekuak eskaintza zabala dakar: surf ikastaroa, piragua, Salting-era irteera, eskalada, jolasak igerilekuan… Uztailean aspertzeko betarik ez da izango. Bestetik, Hernaniko Kirol Elkarteak irristaketa ikastaroa eskainiko du uztailaren 1, 3, 5, 8, eta 10ean. Ekintza hauetan parte hartu ahal izateko, aurrez izena eman behar da Hernaniko Gaztelekuan.

Udazkenera begira formatu laburreko ikastaroak eskainiko dira. Kultur ikastaroei dagokionez Sormen ikastaroa egingo da Arramazka artistaren eskutik. Ikasturteko iraupena duten kultur ikastaroak Biteri Kultur Etxean eskainiko dira. Kirol eskaintzari dagokionez, udazkenean aukera egongo da piragua, eskalada, irristaketa, scooter, erremontea eta paurkour praktikatzeko.

Gaztelekuaren uztaileko egitaraua