Berriak
Atzealdea

Ikusmen urritasuna duten pertsonentzako paperontzi inklusiboak jarriko dira Kaxkoan

Hondakinen gaiako bilketaren araberako paperontziak daude Kaxkoan. Biribilak dira eta lau zulo dituzte. Bakoitzean hondakin mota bat bota behar da. Ikusmen urritasuna duten pertsonek, baina, ez dute zulo bakoitzean zer bota behar den bereizten eta paperontzien gabezia horri irtenbidea eman nahian, Mondragon Unibertsitateko Industria Diseinua ikasi duen hernaniar batek ikusmen urritasuna duten pertsonek hondakinak modu egokian botatzeko sistema bat garatu du. Laster Kaxkoko paperontzi guztietan ikusi ahalko da.

2018·12·29


Hernaniko kaleetan dauden paperontziak hondakinak gaika sailkatzeko sistemaren araberakoak dira. Lau ontzi egoten dira, elkarren ondoan eta orden zehatz batean; eta ikusmen urritasuna duten pertsonek jakin dezakete zein den bakoitza. Kaxkoan, ordea,  beste eredu bat dago, paperontzi biribilak dira eta ontzi bakarrean lau zulo daude: errefusa, ontzi arinak, papera eta organikoa. Bakoitzak bere kolorea eta adierazgarria du, braillez ere idatzita daude baina baina ikusmen urritasuna duten edota itsuak diren pertsona guztiek ez dute braillea irakurtzen, eta horren ondorioz, pertsona horiek ezin dute hondakinak modu egokian sailkatu.

Paperontzien gabezia horretaz konturatu ziren Koxka Elkartean -gaitasun desberdinak dituzten herritarrak biltzen ditu- eta Udalarengana jo zuten. Arazoari konponbidea emateko ideia bat zuten eskuartean: arazo hori konponduko zuen diseinu berezi bat egitea, non eta Mondragon Unibertsitatean. Bertan Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingenieritza Gradua dago eta ikasle hernaniar batek eredu hori diseinatzeko eta propotipoa garatzeko ardura hartu zuen. Aritz Hernani Mena ikasleak gradu amaierarako titulua eskuratzeko lan hori egin zuen eta horren emaitza aurkeztu berri du.

Lanketan, Aritz Hernanik azaldu duenaren arabera, “ikusmen urritasuna duten pertsonekin batera aritu naiz”, haiek direlako haien mugak eta beharrak hoberen ezagutzen dituztenak. Eta “propotipo desberdinak landu eta gero” Kaxkoko paperontzietan jarriko dena aurkeztu du.

Paperontzien gainean itsatsita jarriko da, eta errefusaren parean koxka handi bat dago. “Bastoiarekin antzeman daiteke koska eta, hori erreferentzia hartuta, eskubira joanez gero, errefusaren ondoren ontzi arinak, gero papera eta azkena, organikoaren zuloa doa. Beti orden bera errespetatu behar dute paperontziek”, erantsi du.

Koxka Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, “gaitasun desberdinak dituzten pertsonek ohiko eginbeharrak autonomiaz egin ahal izatea ezinbestekoa da”. Eta paperontziena norabide horretan beste aurrerapauso bat da.

Kaxkoan dauden 20 bat paperontzietan jarriko dute udal langileek datozen asteotan Aritz Hernani Menaren tapa berria.