Berriak
Atzealdea

Plax! Sexu eta bikote aholkularitza zerbitzua finkatu da hernaniarren artean eta gero eta erabiltzaile gehiago ditu

1
2015eko urtarrilean jarri zuen martxan Hernaniko Udaleko Berdintasun Sailak Plax! Sexu eta bikote aholkularitza zerbitzua. Arremanitz kooperatibaren bidez eskaintzen du Udalak zerbitzu hori. 30 eta 50 urte bitarteko pertsonei bereziki zuzendutako zerbitzua da eta 2015ean martxan jarri zenetik 200tik gora erabiltzaile izan ditu. Hiru urte hauetan egindako ibilbidea oso positiboa izan da. Hernaniarrek estimatzen duten zerbitzua da eta gero eta erabilera handiagoa du. Itxaron zerrenda dagoela ikusita, zerbitzua bi egunetik hirura zabaltzea erabaki du Udalak.

2019·02·15


“Aspalditik ari gara lantzen sexualitatea, parekidetasuna eta tratu onen gaiak gure Sailean. Berdintasunean bizitzea, seguru sentitzea, autonomia izatea, aukera askeak egitea elkarbizitza modu anitzetara bizitzea ezinbesteko eskubideak dira”, adierazi du Garazi Etxarri Carrasco Berdintasun zinegotziak.

“Herritarrek guzti horien inguruko informazioa eta arreta jasotzea ere eskubidea da, eta hain zuzen ere azken helburu hau bermatzeko jarri zuen Udalak sexualitatea zein bikote harremanen inguruan arreta osoa, profesionala eta doakoa eskaintzeko zerbitzua abian”, erantsi du.

“Sexu aholkularitza garatu den hiru urte hauetan zehar zerbitzuak harrera ona izan du. Oraindik sexualitate kontuez hitz egitea askori kosta egiten zaigun arren, herritar ugari gerturatu da zerbitzura euren zalantzak argitzera edota sexualitateaz gozatzen ikasteko aholku bila. Hortaz, zerbitzua eskaintzen jarraituko dugu; orain arte bezala zerbitzu profesionala eta doakoa emanez aurrez aurreko saioen bidez, baina baita ere herritarren artean sexualitate gaiak mahai gainean jarriz, argitaratzen diren elkarrizketekin nahiz sare sozialetako artikulu eta bideoen bitartez”, esan du Etxarri Carrasco zinegotziak.

Nerea Sancho Esnaola psikologoa, sexologoa et zerbitzuaren arduradunak eman du zerbitzuaren balantzearen berri. “Zerbitzua sortu zenetik 200 arreta baino gehiago eskaini dira. Azken urteetan joaera nagusia izan da zerbitzua gehiago erabiltzekoa, itxaron zerrenda ohikoa izan da”. Hori ikusita, zerbitzua zabaltzea erabaki du Udalak. Hartara, ohiko bi hitzorduez gain, hemendik aurrera astearte goizean ere izango da aukera aholkularitza zerbitzua jasotzeko.

Nori zuzenduta dago zerbitzua?
30-50 urte bitartekoei zuzenduta dago zerbitzua, “adin tarte horretan gertatzen baitira bizitzan aldaketa garrantzitsu asko: haurrak izatea, senideen zaintza, ezkontzak, banaketak, menopausia...”, gogorarazi du Nerea Sancho Esnaolak. Izan ere, adin tarte horretako herritarrak dira Plax! Gehien erabiltzen dutenak. 12-17 urte bitarteko nerabe eta gazteentzat Gazte Plax! zerbitzua dagoela gogorarazi du Nerea Sancho Esnaolak.

Sexuari dagokionez, “emakume zein gizonek antzeko erabilera egin dute orain arte. Hau pozgarria da, honek elkarbizitzarako eta bakerako helburuak betetzeko prebentzio lanean aurrerapauso garrantzitsua suposatzen duelako”. Erabiltzaileen helburuak oso desberdinak dira, baina bikote gatazkak gutxitzea oso helburu ohikoa da aholkularitza erabiltzen dutenen artean.

Osakidetzarekin elkarlana
“Zerbitzuaren hasieratik parte hartu dugu eta pazienteren batek gai horiekin lotutako arazo bat duela antzeman dugunean, zerbitzu horretara bideratu izan dugu, zerbitzu profesionala eta doakoa”, esan du Itziar Barbancho Galdos Hernaniko Lehen Mailako Atentzio Unitateko buruak. Izan ere, “Osakidetzaren bidez eta hedabideetan eta sare sozialetan egiten diren kanpainaren bidez hurbiltzen dira herritar gehienak gure zerbitzura”, esan du Nerea Sancho Esnaolak. Dena dela, “ez da beharrezkoa Osakidetzatik pasatzea zerbitzuan txanda hartu ahal izateko”, argitu du.

Informazio gehiago www.hernani.eus/eu/sexu

1