Berriak

Atzealdea

Pobrezia energetikoari aurre egiteko 60.000 euroko diru-laguntza bideratuko du Udalak

Udalak eta Adinekoen Kontseiluak adostuta, 60.000 euro gehiago bideratuko dituzte Zerbitzu Sozialek pobrezia energetikoa jasaten duten pertsonak laguntzeko. Lanbideko DSBE (RGI) kobratzen duten pentsiodunek Udalaren gutun bat jasoko dute datozen egunotan diru-laguntza horien berri emateko. Aurretiko hitzordua eskatu behar dute gizarte langile batekin diru-laguntza eskatzeko baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko.

2018·09·24


Hernaniko Udalak eta Adinekoen Kontseiluak adostuta, pobreziari aurre egiteko 60.000 euro gehiago bideratuko dute Zerbitzu Sozialek aurten. Partida berri horren onuradun nagusiak diru-sarrera murritzak dituzten pentsiodunak izango dira; maiz alarguntsa-pentsioa jasotzen duten emakumeak izaten dira. Lehentasuna izango da pertsona horiei argindar eta gas gastuak ordaintzen laguntzea.

Lanbideko DSBE (RGI) kobratzen duten pentsiodunek diru-laguntza hau eskatzeko aukera dute baina askok ez daki aukera hori dutenik. Udala jubilatu eta pentsiodunak haien eskubideez informatuak egon daitezen ahalegina egiten ari da legegintzaldi osoan eta, oraingoan, pertsona horiei eskutitza bidaliko diete Zerbitzu Sozialek. Eskutitz horretan laguntza eskatzeko bideak azaltzen zaizkie.

Udalak bidaliko dituen gutunen %70a -laguntza eskatzeko baldintzak bete ditzateketenak- 65 urtetik gorako herritarrak dira, eta horietatik ia guztiak emakumeak, asko alargunak eta bananduak.

Zerbitzu Sozialek baloratuko dute kasuz kasu eskatzaileak laguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituen ala ez. Betetzen baditu, diru-laguntza tramitatuko da. Zerbitzu Sozialetan aurretiko hitzordua eskatzeko 943 55 78 54 telefonora deitu edo Sandiusterriko bulegoetan bertara daitezke.

60.000 euroko gehikuntza horrekin, Hernaniko Udalak aurten 434.447 euro inbertituko ditu pobreziari aurre egiteko diru-laguntzetan.