Eduki publikatzailea

Atzealdea

Saharar umeek gure artean uda pasatzeko familiak behar dira

Urtero bezala, Hernaniko Udalak bat egin du Oporrak Bakean programarekin. Ekimen horri esker, errefuxiatu guneetan bizi diren Saharako Mendebaldeko haurrek aukera izaten dute oporrak gure artean pasatzeko. Informazio gehiago Hernaniko Udaleko Lankidetza sailan: marijo-m@hernani.eus. 943 33 70 17. Plaza Feministan, Aristizabal 7.

2017·02·28


Hernaniko Udalak 2003an egin zuen egitasmo honekin bat eta, orduz geroztik, urtero-urtero bideratu du, Saharako basamortuan, errefuxiatuen guneetan bizi diren haurrak hemengo familiek hartzea. Hernaniko Udalak umeen bidaien gastuak ordaintzen ditu. Era berean, uztailean eta abuztuan antolatzen dituen udalekuak ere doakoak izango dira ume horientzat.

Oporrak Bakean ekimenaren aurtengo erronka da Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan 100 harrera familia izatea. Aurtengo leloa “Bueltan, de vuelta” da. Hitz joko honekin adierazi nahi dute bueltan dator Oporrak Bakean programa, bueltan datoz umeak, buelta eman saharar banderari, buelta eman egoerari.

Ume horien sorterrian, bizi-baldintzak ez dira egokienak. Mendebaldeko Sahara Marokok okupatutako lurraldea da eta, horren ondorioz, milaka saharar errefuxiatu eremuetan bizi dira oso baldintza eskasetan eta nazioarteko laguntza humanitarioaren menpe. Errefuxiatuen guneak behin behinekoak izateko sortu ziren, gatazka konpondu arte, baina 30 urte daramatzate han bizitzen. Gazteak han jaio eta bizi izan dira, ez dute beste egoerarik ezagutu. Horren ondorioz, elikadura eskasia dute, osasun arreta mugatua dute, eta oporraldia gure artean igarotzeak onura handia ekartzen die. Hemengo familiek elikadura anitzagoa emateko aukera dute eta osasun zerbitzuetan errebisioak egiten dizkiete eta, behar izanez gero, tratamendua jarri ere. Gainera, basamortuan udan jasaten dituzten tenperaturak 55 gradu gainditu dezake eta hemengo klima atsegina da haientzat.

Ume horiek oporraldia bizi-baldintza hobeetan pasa ahal izateko asmoz sortu zen Oporrak Bakean programa.