Berriak
Atzealdea

San Markos Mankomunitatearen 2017ko aurrekontuak ere baliogabetu ditu EAEko Auzitegi Nagusiak

Hernaniko, Usurbilgo eta Oiartzungo udalek 2017ko San Markos Mankomunitatearen aurrekontuen aurkako helegitea jarri zuten iaz eta EAEko Auzitegi Nagusiak orain ebatzi du. Auzitegi berak baliogabetu zituen 2014ko, 2015eko eta 2016ko aurrekontuak. Epaien ondorioz, Mankomunitateak 92.000 euro itzuli beharko dizkio Hernaniko Udalari. 2017koaren kopurua gehitu beharko zaio horri, oraindik ez baita zehaztu zenbat gehiago kobratu zion Hernaniko Udalari Mankomunitateak.

2019·04·10


Hernaniko Udalak Mankomunitatean dituen ordezkariek -Mattin Aldaia eta Koro Etxeberria- epaiak baloratu dituzte. “Legealdi honetan mankomunitateko batzarretan behin eta berriz eskatu dugu zerga-sistema bidezko bat ezartzea, zerga-sistema tresna garantzitsu bat delako hondakinen kudeaketa egokia bultzatzeko eta gaizki egiten dutenak zigortzeko”, esan du Mattin Aldaiak.

“San Markos Mankomunitatea gobernatzen duten alderdiek (EAJ eta PSE), aldiz, entzungor egin digute. Aurrekontua egiteko irizpideak bidegabeak izan arren, irizpide beretsuak erabiltzen tematu direlako”, erantsi du.

San Markos Mankomunitateak urte hauetan erabili dituen irizpideek hondakinen kudeaketa egokiaren oinarrizko bi printzipio urratu dituzte:

1. ONDO EGITEN DUTENAK SARITU ETA GAIZKI EGITEN DUTENAK ZIGORTZEA. Horrela esaten du Europako Zuzentarauak eta urte hauetan guztietan San Markos Mankomunitateari eskatu diogu printzipio hori errespetatzea. Behin eta berriz printzipio horren kontra egin du Mankomunitateak inposatu digun ekarpenen sistemak eta epaitegiek lau aldiz baliogatu ditu aurrekontuak: 2014, 2015, 2016koak eta, orain, 2017koak.

2. Beste printzipioa da: ERABILTZEN EZ DITUGUN ZERBITZUENGATIK EZ DUGULA ORDAINDU BEHAR. 2014, 2015 eta 2016ko aurrekontuen auzian ere argi geratu zen hori. San Markos Mankomunitateak ordainarazi zizkigun erabiltzen ez genituen zerbitzuak. “Hondakinen bilketa Udalaren esku dugun herriok ez ditugu erabiltzen Mankomunitatearen zerbitzua (kamioiak eta ontziak...) eta, hala ere, denok ordaindu behar izaten genuen”, azaldu du Aldaiak.

2017ko aurrekontuetan, Mankomunitateak aldatzeko saiakera bat egin zuen eta bilketa zerbitzua erabiltzen zuenari bakarrik kobratzen hasi zen. Dena den, “gure harridurarako garbiguneen kostua zerbitzua eskaintzen dugun udalerriongan ezarri zuten. Hernanik, Oiartzunek eta Donostiak ditugu Garbiguneak. Hiru Garbigune horiek Mankomunitate osoari ematen diote zerbitzua, baina kobratu, guri bakarrik kobratzen ziguten”.

“Garbiguneak hondakinen bilketa egokia egiteko ezinbesteko azpiegiturak dira. Hondakin bereziak egoki kudeatzeko bilketa bereizitua egin behar baita. Beraz, hondakinen berrerabilpena eta birziklapena bultzatzeko azpiegiturak dira. Ahalik eta gehien erabiltzea izan beharko luke helburua, eta ez erabiltzen duena zigortzea. Hondakinen hierarkiaren aurkako neurria da, beraz, 2017ko aurrekontuetan ezarritakoa”, ohartarazi du Ingurumen zinegotziak.

Lau urtez jarraian epaitegiek aurrekontuak baliogabetzea ez da makala eta horrek zerbait adierazten du. Mankomunitateko kudeaketa txarra dela, eta txarraz gain, bidegabea ere badela.

Gure ustez, Hernaniko, Usurbilgo eta Oiartzungo udalen aurkako jarrera adierazten du, baita gure herritarrekiko ere. Hondakinen kudeaketa jasangarria egitea zigortu nahi izan dute eta hori onartezina da eta, epaitegiek erakutsi duten bezala, legez kanpokoa.

Hondakinen kudeaketaz arduraz hitz egiteko gonbita

“Lau urtez jarraian San Markos Mankomunitateko aurrekontuak nuluak izendatzea oso kezkagarria da baina, aldi berean, argigarria. Gure ustez, bada garaia hondakinen kudeaketaz hitz egiteko eta gai hau interes partidistetatik kanpo uzteko”, esan du Koro Etxeberriak. “Gure proposamena da, eta udalerri guztiei gonbita egiten diegu, hondakinen inguruko hausnarketa bat egin dezagun: denok eduki beharko genuke argi eta garbi Europako legedia bete behar dugula”, erantsi du.

“Horrek zer esan nahi du? Hondakinen murrizketa, berrerabilpena eta birziklapena bultzatu behar ditugula”, azaldu du Etxeberriak. “Eta, nola? Helburu horiek lortzera bideratutako neurri fiskalen bidez, inbertsio plangintza bat lantzen eta bilketa datuak aztertu, hondakinen purutasuna ezagutu eta trazabilitatea bermatzen.