Eduki publikatzailea

Atzealdea

Auzitegi Gorenak San Markos Mankomunitatearen 2014ko aurrekontuak baliogabetu ditu eta arrazoia eman dio Hernaniko Udalari

"Albiste ona jaso dugu epaitegietatik", iritzi dio Hernaniko alkate Luis Intxauspek. San Marko Mankomunitateak 2014tik Hernaniri bidegabe kobratu dion dirua itzultzeko eskatuko dutela iragarri du. Hernaniko Udalak Astigarragako, Usurbilgo, Pasaiako eta Lezoko udalekin batera aurkeztu zuen helegitea eta asteartean balorazioa egin zuten Donostian. Bertan gogorarazi zuten zein den hemendik aurrerako gakoa: "Mankomunitateak herritarren praktika onak sarituko dituen edo, orain arte bezala, gaizki egiten duten zerbitzua ondo egiten dugunon bizkar jarri".

2017·11·08


-2014an, bost herri horietan hondakinak biltzeko atez ateko sistema ezarrita zegoen eta hondakinen bilketa udalerrien esku gelditu zen. Mankomunitateak ez zuen hori kontuan hartu eta hondakinen bilketarengatik kobratzen jarraitu zuen, nahiz eta zerbitzua eman ez.

-Mankomunitatearen irizpideek nabarmen kaltetzen zituzten gehien eta hoberen birziklatzen zuten herriak. Auzitegi Gorenaren epaiak irizpide horiek baliogabetu ditu.

-2015, 2016 eta 2017ko aurrekontuak ere errekurrituta daude arrazoi berarengatik. “Oinarrian dago gakoa: praktika onak saritu nahi ote diren edo ez”, esan dute Hernaniko, Usurbilgo eta Oiartzungo hautetsiek.

“Albiste ona jaso dugu epaitegieetatik. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak aintzat hartu du Hernani, Pasaia, Lezo, Astigarraga eta Usurbilgo udalok San Marko Mankomunitateko 2014ko aurrekontuen aurka egindako helegitea, eta, ondorioz, baliogabetu egin ditu orduko aurrekontuak”, adierazi du Hernaniko alkate Luis Intxauspek, Hernaniko, Usurbilgo eta Oiartzungo hautetsiek gaur San Markos Mankomunitateak Donostian duen egoitzan asteartean egindako agerraldian.

2014an, Hernanin, Astigarragan, Pasaian, Oiartzunen, Lezon eta Usurbilen hondakinen bilketa selektiboaren sistema ezarrita zeukaten. Horren ondorioz, udalerriek bere gain hartua zuten hondakinen bilketa. San Markos Mankomunitatearen bilketa zerbitzua, beraz, ez zuten erabiltzen udalerri horiek, eta, hala ere, Mankomunitateak urtero-urtero kobratzen zien zerbitzu horrengatik.

Mankomunitatearen tasak ezartzeko irizpideak, beraz, ez ziren egoera berrira egokitu eta atez ateko sistema ezarrita zeukaten udalerriak bi aldiz ordaintzen ari ziren bilketarengatik. “Udalerriek mankomunitateari ordaindu beharreko zenbatekoa herri bakoitzaren biztanleen araberakoa zen, eta ez, ordea, bidezkoa den bezala, mankomunitateak herri bakoitzari eskaintzen zien zerbitzuen arabera”, azaldu du Eneritz Arbelaitz Oiartzungo zinegotziak.

“Irizpide horiek erabilita, atez ateko sistema geneukan udalok, gure hondakinak biltzeak eragiten zituen gastuez gain, beste udalen (garai hartan Donostia, Urnieta, Errenteria eta Lasarte-Oria) bilketa gastuak ere gure gain hartzera behartu gintuzten, gure tarifa nabarmen zamatuz, kaltetuz. Hala, Hernaniko herritarrek zegokiena baino 114.000 euro gehiago ordaindu behar izan zituzten; Pasaiak 93.000 euro gehiago; Oiartzunek 60.000 euro gehiago; Lezok 35.000 euro gehiago, Astigarragak 30.000 euro gehiago; eta Usurbilek 3.000 euro gehiago”, gogorarazi du Arbelaitzek.

San Markos Mankomunitatearen irizpide hori bidegabea zela eta hondakinen kudeaketa ona zigortzen ari zela iritzita, bost udal horiek, batetik, eta Oiartzungo Udalak, bere aldetik, Mankomunitatearen 2014ko aurrekontuak errekurritu zituzten. “Gure herria eta herritarren mesedetan, orduko udal agintariek aurrekontu horiek errekurritzea erabaki zuten, eta erabakia hiru urte geroago etorri bada ere, pozteko modukoa da”, esan du Xabier Arregi Usurbilgo alkateak.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bost udal horien aldeko epaia eman zuen 2015eko ekainean, baina San Markos Mankomunitateak, horrekin ados ez zegoelako, kasazio errekurtsoa aurkeztu zuen. Espainiako Auzitegi Gorenak errekurtso hori ezetsi du orain eta bost udalei eman die, beraz, arrazoia. Epai horren arabera, ez da legezkoa jasotzen ez den zerbitzu batengatik kobratzea.

2014ko aurrekontuak ez ezik, 2015ekoak, 2016koak eta 2017koak ere errekurrituta daude arrazoi berarengatik. Atez ateko bilketa sistema duten udalerriek ez dute Mankomunitatearen bilketa zerbitzua erabiltzen eta, hala ere, urtez urte ordaintzen ari dira.

“Ikusi beharko dugu epaia nola exekutatzen den”

“Orain ikusi beharko dugu epai hau nola exekutatzen den, mankomunitateak nola kitatzen dituen udalekin dituen zorrak. Gainera, 2015, 2016 eta 2017ko aurrekontuak ere errekurrituta daude, eta ikusteke dago nola eragiten duen epai honek auzibide horietan”, esan du Usurbilgo alkateak.

"Edozein kasu, aurrera begira jarri nahi dugu, eta publikoki adierazi nahi dugu gure prestutasuna 2018ko aurrekontuei begira adostasunak lortzeko. Tarifak kalkulatzeko irizpideak berraztertzeko exijitzen diegu”, erantsi du.

Epaiaren exekuzioa adosteko eta 2018ko aurrekontuetan irizpideak aldatzeko eskatzeko, gaur bertan eskatu dute Mankomunitatearen zuzendaritzarekin biltzea.

Xabier Arregik esan bezala, “oinarrian dago gakoa: praktika onak saritu nahi ote diren edo ez, hots, gaikako bilketa eta birziklatzea saritu nahi diren edo ez. Eta, zentzu honetan, gaur hemen ordezkatuta gauden udalon jarrera argia da: herritarren praktika onak saritu behar dira, eta txarrak zamatu, eta irizpide horrek gidatu beharko luke San Markosen aurrekontua. Ez baita posible %80ko gaikako bilketa egiten dugun herriok beste herriek bezain beste edo gehiago ordaintzea. Injustua da erabat. Eta baldintza edo irizpide hori, gainera, eskala guztietan ezarri beharko litzatekeela uste dugu, kudeaketaren ziklo osoan”.

Auzitegi Gorenaren epaia