Berriak
Atzealdea

Udalak Jaurlaritzaren gardentasun falta salatu du sufre dioxidoaren isurketaren auzian

Joan zen astelehen goizean antzemandako sufre dioxidoaren isurketa maila kezkagarriaz azalpenak eskatu dizkio Udalak Eusko Jaurlaritzari. Neurgailua hondatuta dagoela esan du Jaurlaritzak eta isurketa horiek ez direla errealak. Edonola ere, Jaurlaritzak, informazio horrek sor zezakeen alarmaz jabetuta, ez Udalari ez herritarrei ez diela inolako informaziorik eman salatu nahi du Udalak.

2019·05·29


Hernaniko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin harremanetan jarri da astelehen goizaldean antzeman ziren sufre dioxido isurketa maila kezkagarriez informazioa eskatzeko. Eusko Jaurlaritzak neurgailu bat du herriko anbulategian eta horrek airera isurtzen diren sustantzi batzuk neurtzen ditu.
 
Eguzki talde ekologistak salatu duenez, astelehenean sufre dioxido kopuru erabat ezhokikoak eta kezkagarriak antzeman ziren. Ohiko isurketak metro kuboko 5 mikragramora ez dira iristen eta hori legeak onartzen duen mailaren barruan dago. Astelehen goizaldean, ostera, 1.339 mikragramo markatzen zuen Jaurlaritzaren neurgailua (webgunean ematen ditu estazio guztien datuak).

Datu horren berri izan bezain laster, Hernaniko Udalak Ingurumen Sailari azalpenak eskatu dizkio. Jaurlaritzak azaldu duenez, aparailua hondatuta dago eta neurketak ez dira errealak. Horretaz gain, isurketak legezko maila gainditzen duenean abisatzen duen beste gailuak ere ez duela funtzionatu esan du. Bi aparailuak konpontzen ari direla jakinarazi diote Udalari.

Hernaniko Udalak Jaurlaritzaren gardentasun falta salatu nahi du, Ingurumen Sailak, isurketa kopuru horiek herrian alarma sor zezakeela jakinda, ez diolako Udalari egoeraren berri eman. Udalak egoeraren jarraipena egingo du eta Jaurlaritzari exijituko dio ahalik eta lasterren konpontzeko. 

Era berean, Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatuko dio berriz ere Hernani kanpaina berezietan sartzeko. Izan ere, Jaurlaritzak kanpaina bereziak egiten ditu zenbait herritan eta, neurgailu finkoaz gain, neurgailu mugikorrekin ere neurtzen dituzte isurketak. 

Eskera hori bera egin zion Udalak duela bi hilabete, udal ordezkariek Ingurumen Saileko ordezkariekin izandako bileran. Bi erakundeen arteko bilera horretan, Udalak Kataluniako Unibertsitate Politeknikoari eskatutako aire kalitatearen azterketa independentearen emaitzen berri eman zion Ingurumen Sailari.