Berriak
Atzealdea

Hernani tratu onen herria izateko kanpainari bultzada berria

Iaz abiatutako kanpainan lortutako emaitzei ikusgarritasuna ematea eta herritarrek eta herriko eragileen artean dauden tratu onen praktikak identifikatzen eta azaleratzen jarraitzea da ekainaren 30era bitartean egingo den kanpainaren xedea. Kanpainari atxikitzeko eta ekarpenak egiteko bi bide daude: eskuorri bat betetzea edo interneten bidez.

2019·05·06


Aste honetatik aurrera eta ekainaren 30era bitarte, Hernaniko Udaleko Berdintasun sailak eta Berdintasun Kontseiluak, Tratu Onen aldeko kanpaina martxan jarriko dute.

Kanpaina hau "Hernani, Tratu Onen Herria" ekimenetik abiatzen da; ekimen horren helburua da herriko pertsona eta eragile sozialen artean ematen diren tratu onen praktikak identifikatu eta balioan jartzea; sarea bultzatuz eta gure herria pausoz-pauso Tratu Onen Kulturan murgilduz.

Hernaniko eragile batzuk jada Tratu Onen aldeko konpromisoak hartzen hasi dira. Horregatik, herritar hauek Tratu Onen alde egiten duten lana aitortzeko eta ikusgarritasuna emateko asmoz, "Tratu Onen Mapa" sortu zuten iaz eta egun Biteri Kultur Etxeko sarreran ikusgai dago.

Orain, herritar eta eragile gehiagok parte-hartzea da asmoa, Hernaniko egunerokoan tratu onak oso presente daudelako eta horiek azaleratzea da erronka.

Horretarako, herritarren ekarpenak eta konpromiso txikiak biltzeko inkesta bat prestatu dute.

Bi modu egongo dira inkesta hau betetzeko:

- Digitalean (labur.eus/inkestaTOherria)

- Paperean, ondorengo tokietan: Biteri Kultur Etxea, Sandiusterri, Iturola Elkarlan Sorgunea, Gaztelekua eta AMHER elkartea.

Eskuorria