Berriak
Atzealdea

Udalak herriko aire kalitateari buruz egin duen txostenaren emaitza aurkeztu dio Eusko Jaurlaritzari eta kontrolak zorrozteko eskatu

Hernaniko udal ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko zuzendari eta teknikariekin bildu ziren atzo Lakuan. Udalak aire kalitateari buruz egin duen azterketaren emaitzaren berri eman eta neurriak hartzeko eskatu zieten Jaurlaritzako arduradunei. Enpresek isurketen inguruan indarrean dagoen legedia betetzen dutela berretsi zuten eta Jaurlaritzak Ingurumeneko Baimen Bateratua duten Hernaniko zortzi enpresengandik jasotzen dituen datuak Udalarekin konpartituko dituela esan zuten.

2019·03·28


Hernanin aire kalitatearen inguruko kezka aspaldikoa da. Herrian sortzen den usainak eta bestelako isurketek ardura sortzen dute herritarrengan.

Hori dela eta, Hernaniko Udalak herriko aire kalitateari buruzko azterketa eskatu zion Kataluniako Unibertsitate Politeknikoari joan zen 2017an. Orduz geroztik, unibertsitateko adituek hainbat neurketa egin dituzte herri osoan eta, bereziki, industria-guneetan, eta joan zen otsailean plazaratu zituen emaitzak Hernaniko Udalak.

Ia urte eta erdiz, oso kontrol zorrotzak egin ziren herri osoan, eta ohiko azterketetan neurtzen ez diren sustantziak neurtu zituen Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak. Emaitza horiek azaleratu zuten Hernanin zenbait auzotan kutsadura handia pilatzen dela, eta momentu batzutan baimendutako mugak ere gainditzen direla.

Aire kalitatearen kontrola Eusko Jaurlaritzaren eskumena da. Horretarako, Jaurlaritzak neurgailu bat du Hernaniko osasun zentroan eta horrek airean dauden zenbait sustantzia neurtzen ditu. Neurketa horien arabera, Hernaniren aire kalitatea ona da. Baina Udalak enkargatutako azterketa zorrotzagoa da eta Udalaren azterketan ageri diren sustantzia asko ez ditu Eusko Jaurlaritzak neurtzen.

Udalaren azterketan ikusten denez, industria-guneetan sortzen da kutsadurarik gehiena. Industria enpresa horien isurketen kontrola Eusko Jaurlaritzari dagokio, eta enpresa horiek guztiek Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Baimen Bateratua dute. Hala ere, Udalaren azterketak airean antzeman dituen sustantzia batzuek baimendutako kopuru mailak maiz gainditzen dutela.

Hori dela eta, Udalak Eusko Jaurlaritzako arduradunekin bilera bat eskatu zuten eta aste honetan izan dira Gasteizen Hernaniko alkate Luis Intxauspe, Ingurumen zinegotzi Mattin Aldaia eta Ingurumen Saileko teknikari arduraduna. Ivan Pedreira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren arduradunarekin eta Saileko teknikariekin bildu dira; Udalaren azterketaren emaitzaren berri eman diete eta isurketa horiek hobeto kontrolatzeko pausuak eman ditzan eskatu diote udal ordezkariek Jaurlaritzari.

Enpresen isurketen informazioa Udalarekin elkarbanatu

Jaurlaritzako arduradunek esan dute egun indarrean dagoen legediak ezarritako kontrol guztiak egiten dituela eta Hernaniko enpresek betetzen dituztela. Hernanin Ingurumen Baimen Bateratua duten zortzi enpresa daude eta horiek urtero igortzen dizkiote Jaurlaritzari haien isurketen datuak. Aste honetako bileran adostu dutenez, Jaurlaritzak, Udalaren eskariz, Hernaniko enpresa horiengandik jasotzen dituen datuak helaraziko dizkio Udalari.

Horretaz gain, Jaurlaritzak, herrietan jartzen dituen neurgailu arruntez gain, kanpaina bereziak egiten ditu neurgailu mugikorrekin. Hernanik kanpaina horien barruan sartzeko eskaera egin eta Jaurlaritzak kontuan hartuko duela esan du.

Nolanahi ere, arazo honen muina da legedia falta. Europan ez dago airearen kutsadurari irtenbidea ematen dion irizpide bateraturik. Hori dela eta, gure herrialdean aire kalitatearen inguruko legedia zorrotzago baten beharra dagoela uste du Hernaniko Udalak eta hori lantzen hasteko pausuak emango dituela adierazi dute udal ordezkariek.

Aire kalitatearen inguruko laburpen txostena