Berriak

Atzealdea

Udaparkean egitasmoaren 3. edizioa ospatuko da Ave Maria parkean uztailaren 19tik 21era

Musikaz, dantzaz, zirkuaz, zineaz eta antzerkiaz aire librean gozatzeko aukera izango da Ave Maria parkean uztailaren 19tik 21era bitartean, Udaparkean egitasmoari esker. Ekitaldi guztiak doakoak dira.

2018·07·12


“Publikoaren erantzun bikaina” ikusita, 2016ko udan sortutako ekimenak 3. edizioa beteko du aurten. Eta Hernanin luzaroan geldituko da. “Udako arratsaldeetan herrian gelditzeko aitzakia paregabea eskaintzen du Udaparkean-ek”, esan du Koro Etxeberria Kultura zinegotziak. Ekintza guztiak Ave Maria parkean izango dira eta publiko mota guztientzako modukoa da egitaraua.

Uztailak 19

TTAPA TTAPA + EUSKARABENTURA + BROKEN BROTHERS BRASS BAND
Hernaniko Agenda 21 programaren barruan urtean zehar asteazkenero egiten den jarduera bat da Ttapa-Ttapa. Esfortzu handirik egin gabe, eta Hernanin paseoan ibiliz, osasuna hobetzea eta aktibo sentitzea du helburu. Udaparkean programan ibilbide bat proposatuko da eta Ave Maria parkean bukatu. Aurten, gainera, Euskabenturako 100 bat gazte batuko dira jarduera horretara. Belaunaldi arteko proposamen bat izango da, beraz, eta ibilbide honetan bidelagun izateko Iruñetik etorriko den Broken Brothers Brass Band taldea joango da haiekin.

BROKEN BROTHERS
Broken Brothers taldeak New Orleans-eko gaur egungo taldeen hots kaletar eta jai girokoak ditu oinarri. Beren emanaldi sutsuak funk, gospel edota jazz modernoz beteak dira, talde-inprobisazioa oinarrizko ezaugarri dutelarik.
Hainbat jaialdi eta kaletan jo dute urteotan: Donostiako jazzaldia, Getxoko jazzaldia, Zargozako Jazz al margen, Iruñeko jazzaldia, Zornotzako kale taldeen Haizetara jaialdia… baina baita edozein herriko jaietan ere!
Aurten disko berria atera dute, beraien seigarren lana: Txertaketa LP. Diskoa aurkezten ari dira kalean zein antzokietan.

GANSO: BABO ROYAL
Maiatzean estreinatuko den ikuskizun hau hitzik gabea da. Ganso & Cia taldeak ohituta gauzkan estilo eta umore finez atondutako ikuskizuna da. Bertan 50m2-ko inperioa, burutik jota dagoen erregea eta trobalari bitxia. Lurralde txiki honetan xelebrekeria da jaun eta jabe. Tronpetak entzun eta banderak astintzen dira.
Ospakizuna has dadila! Fisikoki eta sinbolikoki, guztiok gonbidatuta gaude Erregeotordu, ofrenda, dantzaldi edota desfilean parte hartzera. Erregeak nahi duen oro fantasia bihurtu beharko da. Babo Royal jolasa da, non hierarkiak trukatzen diren, non egunerokotasunak harritzen duen, non normaltasuna eta zentzutasuna
debekatuta dauden.

KOBAN, Donostiako musika talde bat da 2015 urtean sortu zena. Hasiera batean trikitixa eta swinga uztartzeko asmoa zuten baina taldekide berriak sartu ahala musika estilo berezia garatu du. Elektronika ere presente dago beraiek sorkuntzetan eta gazteen artean ezaguna egin da Congo Square kantarekin. Emakumeen presentzia handia dat alde honetan, zazpi musikaritatik bost neskak baitira.

Uztailak 20

XIP XAP
Lleidatik datorren talde honek parkean ibilbide bat egingo du familia osoarentzat. Txontxongiloz egindako animaliak: ardiak, ahuntzak eta zakurra dira pertsonaia nagusiak. Baina, protagonistak ibilbidea topatzen dituzten ikusleak dira. Zuzeneko musikarekin eta zankoetan naturarekin harreman zuzenean egingo dugu euren ikuskizuna.

KUKAIk Ave Maria parkerako egokituko du Topa ikuskizuna. Hiri eta enparantzan
gertatu ordez, parkean, naturaren erdian gertatuko da. Lau gazte enparantza batean elkartzen dira. Edozein hiritako edozein enparantza izan daiteke. Musika entzuten da eta lau gazteek dantzari ekiten diote. Beraientzat eguneroko jarduna da; euren komunikatzeko lengoaia da. Dantza egiteak natural sentiarazten ditu. Batzuk euskal dantza tradizionalean hazitakoak dira, besteak hip hopean. Kaleak, euren biziguneak, batzen ditu. Kale adierazpen garaikideak, gaur egungo hiri, herri eta enparantzatan elkarbizitzen direnak.

PADDINGTON 2
Mundu mailako arrakasta izan zuen filme familiar honen jarraipenean, Paddington hartzatxo abenturazalea Brown familiarekin bizi da Windsor Gardens-en. Bizilagunen artean ezaguna egin da, eta bere alaitasuna eta marmelada nonahi zabaltzen ditu.
Ehun urte beteko dituen Izeba Luci-rentzat opari aproposa bilatzen dabilela, Paddington-ek trokelatutako liburu berezi bat aurkituko du Gruber jaunaren antigualeko gauzen dendan, eta hainbat lanetan hasiko da liburua erosi ahal izateko. Baina… liburua lapurtzen dutenean, Paddington eta Browndarren esku geratuko da lapurra agerian uztea.

Uztailak 21

LA TRÓCOLA CIRC: EMPORTATS
Emportats Herrialde Katalanetatik dator. Familia osoarentzako zirku ikuskizuna diziplina ezberdinak biltzen dituena: akrobazia, malabareak, musika eta objektuak (ateak). Koordinazioa, zehatz izatea eta energiaz jardutea dira emanaldiaren bertuteak, hori guztia, poetika, humore eta zuzeneko musikarekin jantzia.

IMANOL JAZZ.
Loraldian estreinu ondoren, Hernanin parada egingo dute, Ainara Ortega, Iñaki Salvador, Karlos Gimenez eta Pettik Imanol Lartzabal errepertorioaz gozatzeko. Oraindik aurkezpen dosierrak prestatu gabe dituzte, baina bideo bat dago sareetan.

Egitarau osoa deskargatu